“Euskara eta emakumeen sorkuntza kulturalak batzeko eta erakusteko espazioa da Besue”

Ekaitz Herrera 2023ko mar. 24a, 12:00

Aspaldi Aldazabal harategia izandako lokala euskararen eta emakumeen kultur sorkuntzen topaleku da orain. Zornotzako hainbat emakumek Besue proiektua sortu dute han: Bertoko Emakume Sortzaileen Uztarako Etxea. Egitarau kulturala martxan dute eta egitasmoko bazkide egitera deitu dituzte herritarrak. Eremuan gizonezkoek ere parte hartu dezaketen arren, emakumeak daude proiektuaren gidaritzan. Amaia Urkiaga Egidazuk eta Izaro Gastelu Urizarbarrenak azaldu dituzte proiektuaren nondik norakoak.

Zerk eraman zaituzte Besue proiektua sortzera? 
Izaro Gastelu Urizarbarrena:
Zornotzako erdigunean horrelako leku baten falta zegoela igartzen genuen. Emakume sortzaile asko dago hemen. Batek belarritakoak egiten dituela, besteak antzerkia lantzen duela... azken finean, ikusi genuen sorkuntza kultural horiek guztiak batzeko eta erakusteko espazio bat sortzea aukera polita izan zitekeela. 
Amaia Urkiaga Egidazu: Hiru dira proiektu honen oinarri nagusiak: kultura, emakumea eta euskara. Batetik, eremua mistoa da, gizonezkoak ere sartu daitezke, baina emakumeak gara kudeaketa taldea gidatzen dugunak. Kultura bere aniztasunean landu gura dugu, bere zabaltasunean. Antzerkigintza, musika, literatura... ez diogu ezeri ezetzik esaten. Eta, euskarari dagokionez, argi dugu euskara hutsean lan egin gura dugula. Zornotzan beharrizan bat dago euskara erdigunean ipini eta herriari begirako proiektu bat sortzeko. Gazteria euskarara hurbiltzeko modu bat ere izan daiteke Besue. 

Proiektua martxoaren 3an inauguratu zenuten. Zelakoak izan dira lehenengo asteak?
A.U.E.: Inaugurazio egunean, norberak etxetik ekarritakoekin mokadutxoa egin genuen. Martxoko martitzen iluntzetan euskal dantzen ikastaroa ematen gabiltza. Oso giro polita sortu da, oso gustura gaude. 
I.G.U.: Bai, horrez gainera Mindfulness tailerra egin dugu, eta Derioko Marikobaso proiektua ezagutzeko aukera ere izan dugu. Proiektu horretako kideak hemen izan ziren Marikobaso zer den aurkezten.
A.U.E.:  Apirila eta maiatza indartsu datoz. Umeentzako ekintzak izango ditugu Aste Santuan. Eskulanak, tailerrak eta zientzia tailer bat. Bestalde, Amaia Astobiza itzultzaile zornotzarrak Puta zikinak liburua aurkeztuko du Besuen. Eta euskal dantzek harrera ona izan dutela eta, egitasmoa luzatu egingo dugu. Zornotzako sorkuntzek zein kanpokoek, denek dute lekua.

Zelan finantzatzen duzue proiektua?
I.G.U.: Nagusiki, bazkidetzari eskerrak. Bazkidetza indartu gura dugu. Erronka modura, 120 bazkide lortzea markatu dugu. Horrek alokairuari aurre egiteko modua ekarriko digu. Bestalde, prezio sinboliko bat ipini dugu bazkide ez diren baina ekintza kulturaletara agertzen direnentzat. 3 euroko prezioa da. Diru horrek ekintzetarako materiala erosteko aukera ematen digu. Barikuro bilkura egiten dugu ekintzen balorazioa egin eta aurrera begirakoak prestatzeko.

Baten batek Besuegaz bat egin gura badu, zer egin behar du?
I.G.U.: Gu zabal-zabalik gaude. Jendeari ongietorria egiteko gogotsu. Baten batek proiektuaren berri izan gura badu, datorrela lasai. Bestalde, Instagrameko
@besuezornotza kontuan edo besuezornotza@gmail.com helbidean topatu daiteke proiektuari buruzko informazioa.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!