Kontalariei gorazarre egin gura diezu 'Alderray'-n.
Neurri handi batean, istorio kontalaria naiz. Pertsonaia hau sortu nuenean, ni neu izan nintekeela konturatu nintzen, edo ofizio honetara dedikatzen den beste edozein, berdin. Istorioak kontatzeko grina du, ia obsesio ere bihurtzen zaio eta hori geuk ere sentitzen dugu gure haragitan, hori da ofizioak dakarren ordaina. Hau da nire ofizioa eta horregaitik kontatu gura nuen istorio hau.
Antzerkia zoragarria da eta mila gauza eder ditu, baina ondorio dramatikoak ere izan ditzake. Alderrayk hori islatzen du. Gure ofizioaren alde ederra, baina baita iluna ere.
Urte asko daramatzazu zuk ere istorioak kontatzen. Zenbateraino du Alderrayk zugandik?
Gaur egun oso modan dago autofikzioa, baina, nire ustetan, idazten den edozer gauzatan beti dago idazlearen parte bat. Kasu honetan, oso hurbilekoa da. Pertsonaiak ez du kontatu gura berari gertatzen zaiona, besteena kontatzen duen arren. Baina beragaz dagoen morroiak ofizioa ikasi gura du eta Alderray kontatzera bultzatzen du. Bien arteko gatazka da antzezlanaren motorea.
Erregistroz aldatu duzue.
Nabarmena da aldaketa. Bederatzi istorio kontatzen ditugu, eta denak desberdinak dira; batzuk dramatikoagoak, beste batzuk alaiagoak.... Mikelen eta bion irudia komediagaz lotzen dutenek nabarituko dute, batez ere, erregistro aldaketa, ohiko komediaren ibilbidetik urruntzen garelako.
Iazko martxoan estreinatu zenuten. Zelako urtea izan da?
Jendea orokorrean konturatzen dabil kalitate berme bat duen antzezlana dela. Istorio bakoitzak bere musika propioa du, eta horrek nortasun berezia ematen dio lanari. Antzerkia maite dutenek oso gogoko dute Alderray, baina, batez ere, istorioak kontatzea edo jasotzea gustuko dutenek.