Etxanoko erraldoi txikien konpartsa sortu duzue. Zer dela eta?
Pablo Monasterio: Bagabiltza endredatzen, bai! Ume gehiago batzen bada eta guk ere jarraitzen badugu, konpartsa ere sortuko dugu. Umeak, eta orokorrean auzoa, dantzara erakartzeko modu ona izan zitekeela pentsatu genuen; erraldoiek umeak erakartzen dituzte eta dantza egiten dute. Gainera, altxorra genuen bertan: Unax Negreiro, Ibonen semea.
Ibon Negreiro: Semeak 9 urte ditu eta betidanik gustatu zaizkio erraldoiak. Deustuko Ondalan konpartsan ibilia ere bada. Haren bitartez hurbildu nintzen erraldoietara, orain zazpi urte.
P.M.: Konturatu orduko materialaren bila hasita geunden.
Unaxek gidatuko du tailerra gaur.
I.N.: Berak eta Zornotzako beste mutiko bik: Unaxek eta Beñatek; erraldoien munduan murgildurikoak hauek ere. Hiruren artean teknika, erraldoien dantza... erakutsiko dituzte. Umeei erraldoietara hurbiltzeko aukera ematea da helburua.
P.M.: Erraldoi txikiek ez dute pisu handirik, nahiko errazak dira eramateko. Bada, dantza ikastea da kontua. Handiak maneiatzeko, teknika gehiago behar da.
I.N.: Teknika behar dute, bai, baina berezkoa ere badutela esango nuke.
Dena dela, zuek erraldoiak dantzan jartzeaz arduratzen zarete.
I.N.: Bai. Erraldoiei laguntzen dieten musikariak gara. Istorio honek guzti honek eraman gaitu ni gaitero lez aritzera eta Pablo danbor-jole.
P.M.: Ez da erraza, baina lan polita da. Dena dela, lan handia dugu oraindino egiteko.
Zuek ez duzue erraldoiekin hartu-emanik izan. Beraz, hutsetik hasi zarete. Nondik ekin zenioten?
I. N. : Deustuko Ondalan konpartsa bisitatu genuen eta Bermeoko Erraldoien Konpartsatik ere gonbidatu gintuzten euren erraldoi txikiak ikustera. Haien eskutik batu dugu informazioa. Bermeora dantzak ikustera joan ginen, metro eta guzti neurriak hartzeko.
P.M.: Hernaniko Erraldoien Konpartsakoekin ere egon ginen.
Pertsonaia mitologikoak erabili dituzue erraldoiak sortzeko. Noiz irteten dira?P.M.: Bai, umeentzat erakargarriak izango zirela pentsatu genuen. Baina Etxanoko Agintaria ere hor dago, eta auzoko hockey taldeko maskota ere bai, zelan ez! Miru.
I.N.: Azaroan aurkeztu genituen, baina Zornotzako jaien txupinazoan atera ziren lehenengoz. Oso polita izan zen. Etxanoko jaiak etorri ziren gero, eta, irailean, Bermeora joan ginen. Orain dela gutxi Markinan egon gara.
Askotariko erreakzioak ikusiko zenituzten.
P.M.: Erraldoiek lilura eta beldurra eragiten dituzte aldi berean; baita ikusmina ere. Dantzan daudenean benetakoak dirudite, eta hainbat emozio sortzen dute umeengan.
Zer bide hartuko dute Etxanoko erraldoiek?
I.N.: Umeak erakartzea eta ahal den neurrian jaietara irtetea, horixe da asmoa, besterik barik.
P.M.: Gaztetxoen eta helduen artean hari bat egotea garrantzitsua da, erraldoientzat, musikarentzat, herriarentzat... kate horri eusteko moduak eta momentuak sortu ezean galdu egingo dira.