Mikel Inuntziaga 'Inun' musikari zornotzarrak kontzertua joko du asteburuan Iurretako Oromiño auzoan; emanaldia zapatuan izango da, martxoak 18, 18:00etan. Musikari zornotzarrak zuzeneko freskoa eta dinamikoa du, kantak jotzeaz gainera, sormenagaz eta euskaragaz lotura duten jolasak proposatzen dituelako. Besteak beste, oraintsu kaleratu duen Be music my friend joko du; azken abesti hori Sergio Mayoral tronpetistagaz batera grabatu du. Auzorik auzo ekimena orain dela zazpi urte ipini zuen martxan Iurretako Udalak, auzoetan ere zuzeneko musika sustatzeko eta udalerriko txokoak ezagutarazteko asmoagaz. Apirilaren 1ean Esti Marquez musikariak emango du kontzertua; artista gipuzkoarra Hitzekin jolasean diskoa aurkeztera etorriko da Iurretara. Hibai Etxeberriak eman zuen zikloko lehenengo kontzertua.