Zornotzako EH Bilduk eta Elkarrekin Podemos-IUk ohar bateratu bat kaleratu dute joan zen zapatuan banatutako Marixelarre sarien harira. Oposizioko talde bien berbetan, gaur egun herriko Gizarte Ekintza eta Berdintasun zinegotzia denak eta datozen hauteskundeetarako EAJren alkategaia denak, Ainhoa Salterainek, "asmo elektoralekin eta interes alderdikoiekin" erabili zuen sari banaketa. "Sariak joan den larunbatean, martxoaren 11n, banatu ziren, eta Berdintasun Batzordean parte hartzen dugun EH Bilduko eta Elkarrekin Podemos-IU-ko zinegotziok ez dugu aukerarik izan inolako ekarpenik egiteko. Ainhoa Salterainek baztertu egin gaitu, eta Udalarena den ekitaldi bat berea bailitzan erabili du: berak, alde bakarretik, erabaki zuen aitortza nori eman, inolako oinarririk segitu gabe gainera; eta bere izenean igorritako gutun bidez gonbidatu zituen emakume sarituak ekitaldira", kritikatu dute oposizioko talde biek oharrean. EH Bilduk eta Elkarrekin Podemos-IUk esan dute "botoak eskuratzeko ahaleginak egitea zilegia" dela, "baina erabat onartezina" dela "Udalarenak, hots, zornotzar guztienak diren baliabide publikoak eta ekitaldi instituzionalak erabiltzea".