Azokaren 25. edizioa izango da. Gogotsu zaude?
Bai. Urtero-urtero azokara etorri eta jeneroa erosten didaten bezeroak ditut. Beste bezero askok ezagutu ezagutzen naute, baina beharbada ez dugu tratu gehiegirik elkarregaz; eta azokak hori lantzeko aukera ematen du. Zornotzan asko saldu dut azken urte hauetatik hona. Beti da polita herrian bertan azoka egitea.
Zelako azoka da? Ekoizleek elkar ezagutzen duzue?
Edizioaren arabera, azokan egoten garenok ez gara betikoak, aldatzen joaten gara. Iaz, adibidez, euskal jantzi tradizionalak ekoizten dituzten herrikideak izan ziren azokan. Elkarregaz batu ginen, komentatu, argazki bat elkarregaz atera... Polita izan zen. Gainerakoan, azoka aldatuz joaten da.
Salmenta aldetik, zelakoa da azoka?
Plaza ona da. Zornotzan azoka bi egiten dira urtean eta bietan parte hartzen dut. Biak izaten dira arrakastatsuak. Jende dezente hurbiltzen zait. Txahal laurdena eramaten dut normalean, 60-70 bat kilo. Ezin naiz kexatu. Zornotzan ondo saltzen dut.
Berdurak postuko mahai gainean ipinita saldu daitezke, baina okela saltzea beste kontu bat da. Eramaten duzu hozkailurik bertara?
Bai. Hozkailu-espositore moduko bat eramaten dut. Normalean okela-sortekin lan egiten dudanez, hiru edo bost kiloko sortak osatu eta horietxek ipintzen ditut saltzen. Erretiluak ere eramaten ditut, eta horietan ere ipintzen dut okela salgai. Xerrak, gisatzeko okela, zankarroia, txuletaren bat, okela xehatua... lauzpabost erretilu ipintzen ditut okela mota bakoitzetik. Horrez gainera, hanburgesa mordoa ere eramaten dut, eta plantxa bat ere bai, hanburgesa txiki batzuk momentuan kozinatu eta pintxo modura saltzeko. Egia esan, horri eskerrak hanburgesa nahikotxo saltzen dut. Jendeak probatu egiten du, mokadutxo bat jan, eta gozo dagoela ikusten du. Horrela, errazagoa da gero okela saltzea.
Beraz, hanburgesak plantxan gertatzea amu ederra da gero okela saltzeko.
Bai. Gogoan dut beste herriren bateko azokan ezin izan genuela halako plantxarik ipini. Eta igarri genuen aldea. Normalean saltzen dugunaren erdia saldu genuen. Hanburgesak oso erakargarriak dira erreta salduta.
Biolur elkarteak 2021ean Bizkaian eta Gipuzkoan egindako ikerketa batek ondorioztatu zuen nekazariak batez beste ez direla hilean 1.200 euro poltsikoratzera heltzen. Ikerketak ortugintza ekologikoan lan egiten zutenei egiten zien erreferentzia. Okelaren sektorea urruti dago errealitate horretatik?
Faktore asko dago. Hemen ere ez duzu soldata finko bat. Urte amaierara ailegatuta, urte osoan zehar aurrezten egon zaren hori poltsikoratzen duzu. Eta, bestalde, instituzioen laguntza publikorik barik hau bideraezina da. Inbertsio handiak egin ditugu eta oso ondo ikertuta daukagu zeintzuk diren soldata bat ateratzeko baldintzak. Atzean laguntzarik izan ezean, ez zara bizimodua ateratzera ailegatuko. Gu nahiko ondo gabiltza, baina, jakina, soldata bakarra dugu. Nire senarrak kanpoan eta hemen lan egiten du. Orduak infinituak dira, eta, horrez gainera, honek bere erritmoak ditu. Gogoan dut behin, auzoko elkartean afaltzen geundela, jantokitik irten eta kortara joan behar izan genuela atoan, behia txahala egiten zegoelako. Horrelako egoerak nork ordaintzen ditu lan estra modura? Inork ere ez. Soldata bat? Bai, baina ordu asko sartzeaz gainera, ez duzu oporrik. Hemen ez daude beste lan batzuetan dauden abantailak.
Nondik hasi egoera aldatzen? Politika publikoetatik? Kontsumo ohituretatik? Ekoizleen lanaren garrantzia nabarmentzetik?
Lana baloratzen ez den mundu batean bizi gara. Baloratzen dena ez da lana, dirua baino. Berdin oporretan zoazenean, arropa erostera zoazenean zein jatetxe batera zoazenean. Arazoa orokorra da. Eta Euskal Herriak bere zentzua edo bere lurra galtzerik gura ez badu, zeozer egin beharko du. Baina aldaketa hain da sakona, hain errotikoa, ez dakidala aldaketa nondik hasi. 60 urtegaz ezingo diogu gaur egungo erritmoari jarraitu. Ganaduagaz hobby modura bai, jarraitu daiteke, baina lan erritmo honegaz ez. Orain hamar urte hasi ginen honegaz, eta negu bakoitza geroago eta gogorragoa da. Oso lan fisikoa da biontzat, eta askotan ez dugu deskantsurik. Diru laguntzak izanez gero, bere gauza onekin eta txarrekin, gustura egiteko lana litzateke.
Datorren zapatuko azokari begira, zein deialdi egingo zenuke?
Jendeari esango nioke etortzeko. Azoka polita da, berezia. Iruditzen zait beste azoken aldean honek baduela zeozer desberdina. Jatekoak eta artisautza, biak batzen ditu eta giro polita egoten da.