Zelan sorturiko proiektua da BioBizi?
Lucía: Urteak dira amak zaku termikoak josten dituela; gari haziak eta izpiliku lore sikuak dituzte barruan. Horregaz hasi ginen, eta osagarri gehiago sortzen joan gara.
Mariaje: Orain hamar bat urte hasi nintzen zaku termikoak josten. Familiakoei eta lagunei oparitzeko hasieran, eta, gero, zenbait dendatan salgai ipintzen hasi nintzen. Dena dela, hobby modura hasi nintzen.
Zaletasuna ofizio bihurtu duzue, beraz.
Lucía: Bai. Gaur egun, BioBizi proiektua gure lanbide nagusi bihurtu da. Ez da hobby soila.
Kontsumo arduratsua bultzatzea duzue helburu. Premisa horregaz lan egiten duzue, oihal jasangarriekin.
Lucía: Enkarguz lan egiten dugu, baina stock txiki bat ere badugu azoketarako. Arduraz kontsumitzen ahalegintzen gara eta bezeroei ere mezu hori helarazten diegu.
Mariaje: Guk sorturiko osagarriak denbora luzean erabiltzekoak dira, oihal organikoekin egindakoak; eta poltsa berrerabilgarriak plastiko birziklatuagaz. Planeta zaindu behar dugu. Tokiko proiektu bat da gurea, zero kilometro kontzeptuan oinarriturikoa, eta aurre egin ahal diogun neurrian joango da hazten.
Eskuz egindakoaren balioa berreskuratzeko konpromisoa hartu duzue.
Lucía: Produktu bakoitza esklusiboa da, eskuz egindakoa. Estanpatuak diseinatzaile grafiko batek egindakoak dira, BioBizirentzat propio. Gainera, lan bakoitzari behar duen denbora ematea beharrezkoa dela uste dugu. Kalitatezko produktua da gurea, denboran iraungo duena. Modaren menpeko ez dena eta oso erabilgarria.
Mariaje: Gehienetan ez da baloratzen eskuz egindako lana. Osagarri bakoitza banan-banan egiten dugu, eta, zerbait txarto badago, desegin eta berriro hasten gara.
Beti izan duzue joskintzarako grina?
Mariaje: Ez dut inoiz jostun modura jardun, baina beti gustatu izan zait jostea. Amari 14 urtegaz esan nion josten ikasi gura nuela. Amamak arropa josten zuen, berarentzat zein ingurukoentzat, eta nik ere badut grina hori. Luciari ere harra sartzen ahalegindu naiz.
Lucía: Urte bi dira josten hasi nintzela. Amak irakatsi dit dakidana.
Ama-alabak izanik, elkarregaz lan egitea berezia da?
Mariaje: Bai, hala da. Gainera, ondo konpontzen gara.
Lucía: Elkar ondo ulertu dugu beti. Konfiantza handia dugu geure artean.
Zein produktu da arrakastatsuena?
Lucía: Zaku termikoak. Makillajea kentzeko toallatxoek ere harrera ona dute, harridura sortzen dute.
Mariaje: Aitita-amamek txupetea eramateko zintak erosten dituzte.
Zein da aurrera begirako erronka?
Lucía: Ez dugu anbizio handirik. Helburua berdina da hasieratik, hobetzen joatea, proiektua sendotzea. Bezeroek produktua ikusi eta ikutu gura dute, eta azoketara joatea ere garrantzitsua da guretzat.