Martxoak 8

“Ez dugu zertan denagaz ados egon; azken finean, liburuak ahotsa ematen die prostitutei, eta guri hortik ikastea dagokigu”

Anboto 2023ko mar. 4a, 10:30

Amaia Astobiza itzultzaile zornotzarrak 'Puta zikinak. Sexu langileen eskubideen aldeko borroka' ('The fight for sex workers' rights) liburua euskaratu du; Katakrak argitaletxeak argitaratu du. Juno Mac eta Molly Smith sexu langileek idatzi dute liburua, lau eskutara, eta sexu langileen eskubideak aldarrikatzearen beharra ipintzen dute erdigunean.

Gutxi agertzen den gaia da prostituzioarena eta, agertzen denetan, erreparoz begiratzen diogu. 
Feminismoak albo batera eduki duen gaia da prostituzioarena, eta muturreko iritziak sortzen dituena gainera. Katakrak argitaletxearen bitartez jaso nuen euskaratzeko enkargua, eurek ingelesez irakurri eta gero. Prostituzioaren gaia Euskal Herrira ekarri eta eztabaidarako materiala euskaraz edukitzeko lagungarria izango zela uste zuten. Debate hori orain dago feminismoan, eta Espainiako prostituzioaren legeagaz ere lotuta dagoela esango nuke. Eta, normala den moduan, eztaibada guztietan ikuspuntu desberdinak behar dira. Horregaitik ipini gura zuen Katakrakek baliabide hau herritarren eskura. Zelan eragiten die legediak sexu langileei? Eta eguneroko beharrizanetan? Liburu hau ez da 'gu prostitutak gara eta hau da gure bizitza'; hona norbait morboagaitik badator, ez du hori topatuko. Lege eredu desberdinak aztertzen dituzte, eta lege horiek langileen behar materialetan duten eragina.

Mac eta Smith protagonistek diote ikusi eta ikasi egin dutela borrokan. 
Juno Mac eta Molly Smith 2010ean hasi ziren sexu lanean, eta 2013an ezagutu zuten elkar, sexu langileen eskubideen aldeko borrokan; ordutik, elkarregaz militatzen dute. Hasieran, prostituta liberal lez definitzen zuten euren burua; baina gaur egun prostituta komunistatzat dute euren burua. Sexu langileen eskubideen aldeko borrokak beste errealitate batzuk ezagutzea ekarri die: drogomenpekotasuna, etxebizitza eskubidearen aldeko borroka... elkar ukitzen duten borrokak dira, eta, ondorioz, baten baino gehiagotan engaiatzen dira.

Zeintzuk dira liburuaren gakoak?
Lehenengo ataletan, sexuari eta lanari buruz gogoeta egiten du. Sexua zer den, lana zer den... kontzeptu potolo bi horiek zehazten dituzte, euren ikuspegitik. Hausnarketa hori egitera bultzatzen zaitu irakurketak, hau da, marko teoriko oso bat lurrera dakar. Irakurri ahala, gaia zein konplexua den konturatzen zara, baita zenbat faktorek eragiten duten ere. 

Gero, migrazioak eta mugen arteko polizia-indarkeriak emakumeengan duten eragina azaltzen dute, eta azkenik, liburuaren zati handi batean prostituzioaren inguruko lege-eredu desberdinak azaltzen dituzte, eta horietariko bakoitzak sexu langileengan dituen ondorioak. Izan ere, adibidez, bezeroa zenbat eta gehiago estutu, orduan eta ondorio gehiago ordainduko du emakumeak beti.  

Zelan eragiten diete mugek sexu langileei?
Mugei buruzko atalean, atzerritartasun-legeek eta mugen arteko polizia-indarkeria basatiak emakumeengan eragiten dituzten ondorioak azaltzen dituzte. Kasu asko eta askotan, emakumeak behartuta daude euren herrialdeetatik alde egitera, bai euren biziraupenerako, bai atzean utzitako familia aurrera ateratzeko. Baina, atzerritartasun-legea dela eta, ezin dute legalki irten, eta, beraz, aukera handia dute esplotatzaileen eta poliziaren eskuetan amaitzeko. 

Askotan esaten da prostituzioaren ondorioz gogortzen direla migrazio-legeak, eta prostituzioaren ondorioz sortzen dela pertsonen trafikoa; egileen ustez, alderantziz da: migrazio-legeak gogor eragiten die emakumeei, eta, horren ondorioz, askotan mafiatara jo behar izaten dute muga zeharkatzeko, eta gero gurpil horretan harrapatuta geratzen dira. Eta, bestalde, beldur izugarria diote helmugako herrialdeko poliziari, behin eta berriro mehatxatzen dituztelako deportazioagaz. 

Lehen esan duzu lege eredu bakoitzari atal bat eskaintzen diotela egileek. 
Alde batetik, penalizazio partziala deritzona dago, hau da, Erresuma Batuan dagoena: legezkoa da sexua erosi eta saltzea, baina ia gainerako guztia legez kanpokoa da; ezin dira sexu zerbitzuak eskaini edo bilatu, edota lagunekin lan egin edo sexu lana antolatu. Lege horrek ez die heltzen emakumeak prostituziora bultzatzen dituzten benetako arazoei edo behar materialei: dirua, jana, droga, ingurukoak zaintzeko denbora...

Bestalde, AEBetan edo Hegoafrikan, besteak beste, dagoen erabateko penalizazioa aztertzen dute; espetxe-nazioa deitzen zaio eredu honi. Bertan, sexu lanean parte hartzen duen oro zigortzen da: sexu langilea, bezeroa eta bitartekoak (managerrak, gidariak eta etxejabeak). Ugandan, Errusian eta Iranen ere erabiltzen da eredu hau. Horrez gainera, Eredu Nordikoa lez ezagutzen dena ere azaltzen dute. Sexua erostea  eta bitartekoak ere kriminalizatzen eta zigortzen dira, eta sexua saltzen dutenak argiro deskriminalizatzen dira; Suediaren, Norvegiaren, Kanadaren eta Irlandaren kasua da hori. 

Alemaniaren eta Herbehereen kasuan, ostera, prostituzioa jarduera legala da. Hala ere, sexu industria gogor arautua dago eta zigortu egiten ditu baldintza burokratiko batzuk betetzen ez dituzten langileak -edo bete ezin dituztenak-. Baldintza horien artean, besteak beste, osasun azterketak, leku zehatz batzuetan lan egitea, edo prostituta lez publikoki erregistratzea daude. 

Berariazko lau lege-eredu horiez gainera, bada beste aukera bat: prostituzioa erabat despenalizatzea eta sexu-industria lan-zuzenbidearen bitartez arautzea, gainerako lanbideekin egiten den legez. Eredu hori Zeelanda Berrian ezarri zuten orain hogei bat urte, eta egileen esanetan horixe da une honetan eredurik egokiena. Hala ere, akatsak ere baditu; besteak beste, lege horrek ez die eragiten paperik bako etorkinei, eta, beraz, emakume horiek ilegalki eta ezelango babesik barik aritu behar izaten dute prostituzioan.  

Mugimendu feministari ere kritikaren bat edo beste egiten diote. 
Bai, hala da; eskaera zehatzak dira, konplizitatearen barruan kokatu beharrekoak. Batez ere, eskatzen diote tarteka gogoeta teorikoak alde batera utzi eta prostituten beharretara hurbiltzeko, behar materialetara: jatekoa behar dute, edota txute bat, eta ez dute denborarik eztabaidarako, eta horrek feminismotik urruntzen ditu. Eta adibide mordoa ipintzen dute liburuan zehar. Horrek polita eta gogorra egiten du liburua, aldi berean. 

Nori gomendatuko zenioke liburu hau?
Taldeka gogoeta feminista bat egiteko baliagarria da liburua, baina norberarentzat ere baliagarria da. Ez duzu zertan ados egon denagaz, edo kontraesanak sortu ditzakezu, baina, azken finean, liburuak prostitutei ahotsa ematen die eta guri hortik ikastea dagokigu. 

Ez da feminismoaren alorrean itzultzen duzun lehenengo liburua. Eroso zaude hor?
Silvia Federicigaz hasi nintzen, eta lau liburu euskaratu dizkiot. Egia esan, gustura nago, asko ikasten dudalako. Aurretik neuzkan intuizio batzuk berretsi, eta beste batzuei izena ipini diet; maila indibidualeko kontu lez nituen batzuk ere kolektiboak direla ikusten lagundu dit. Horretan asko lagundu dit Federici itzultzeak, eta ikasitako horrek baliabide sendoak eman dizkit beste emakume batzuen errealitateak ulertzeko, eta Zornotzako talde feministan aritzeko. Hau itzultzean ere asko ikasi dut. Beste egile batzuk dira eta beste ikuspuntu bat dute. Federicik berak liburuari buruzko iruzkin bat egin zuen, eta bere azkeneko liburuan testu horretarako erreferentzia batzuk erabili zituen. Beraren ustez, justizia sozialaren aldeko edozein mugimenduk bere egin behar du sexu langileen aldeko borroka ere.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!