Patxi Jaka Bikandi milizianoaren arrastoak Gamiz-Fikan topatu dituzte, bertako Lander Mella bizilagunak emaniko testigantzari eskerrak. Gogora institutuak bideo hunkigarri hau sareratu zuen duela aste bi, Patxi Jaka Bikandiren arrastoak zelan topatu zituzten kontatzen. Miliziano zornotzarraren arrastoez gainera, Gogorak 1937an hildako beste hainbat gudariren gorpuzkiak berreskuratu zituen: Jose Martin Arrieta Ikaran, Martín Fabo Colera, Ramón Crespo Ortiz, Fernando Lahera Urrutia, eta Inazio Lopetegi Oliden milizianoen arrastoak. Gorpuzkiak haien familiei bueltatzeko ekitaldia egin zuen otsailaren 11n.
87 urte pasatu eta gero agertu da aita. Zelan zaude?
Nekane Jaka Etxebarria: Pozik nago, pozik eta harro. Orain arte ez dut aitarik izan. Ni jaioberria nintzela desagertu zen aita, hamaika hilabete nituela. Eta, jakina, ez dut haren akordurik.
Etxean izan duzue aitari buruzko berririk? Desagertu berritan, zer esaten zizuen amak?
N.J.E.: Ezertxo ere ez. “Aitarik ez daukazue eta kito”, esaten zigun. Aitarena ezkutuan lez izan zuen familiak. Haren argazkirik ere ez genuen.
Zu, Enara, Patxi Jakaren birbiloba zara. Zelan hartu duzu aurkikuntzaren albistea?
Enara Lauzirika Pinaga: Albiste gazi-gozoa izan da. Pozgarria, hainbeste urteren ostean badakigulako gure birraitita non hil zen, non egon den urte hauetan guztietan, eta zer gertatu zitzaion. Baina aldi berean gazia ere bai, jendea falta delako. Amama-eta lau ahizpa ziren. Bera da bizirik dagoen alaba bakarra. Albistea jaso baino hamar bat egun lehenago hil zen bere ahizpetariko bat. Hamar egunengaitik bere aita non zegoen ez zekiela hil zen amamaren ahizpetariko bat.
Urte luzez ibili zarete aita bilatzen. Zelakoak izan dira bilaketa lanak?
N.J.E.: Batera eta bestera ibili arren, ez batetik ez bestetik ez dugu topatu izan. Bilaketa erdi utzita izan dugu.
E.L.P.: Bai, batean zein bestean galdetu arren, ez genuen birraitita hilda zegoen erregistrorik topatzen. Desagertu izanaren informazioa baino ez genuen. Gerora, Internetek eskaintzen dituen tresnei eskerrak jakin dugu Zabalbide batailoiko kidea zela. Nominak topatu ditugu, bere sinadura eta guzti. 2017an, Gogorak DNA bankua zabaldu zuen. Amamaren ahizpetariko batek, Terek, lagina eman zuen. Gero, 2019an, birraititaren gorpuzkiak topatu zituzten Fikan, baina DNA ikerketak ez zuen baieztatu arrastoak berarenak zirela. Iaz, bai. Beste prozedura bategaz errepikatu zuten DNA proba, eta baieztatu ziguten baietz, gorpuzkiak birraititarenak zirela.
Aurkikuntzaren zati handi bat Fikako familia baten lekukotasunari eskerrak egin da.
E.L.P.: Bai, Lander Mella fikarra da aurkikuntza honetako beste protagonistetariko bat. Landerrek berak kontatzen duenez, bere aititak esaten zion gerran hildakoen gorpuak baserriko lurretan zeudela. Beti zebilela hori burutik kendu ezinda. Aitita hildakoan, Landerrek informazio horregaz zerbait egitea pentsatu zuen. Aranzadigaz hartu-emanetan ipini eta hauek ikerketa hasi zuten. Lekukotasun hari eskerrak hiru milizianoren gorpuak topatu dituzte; tartean, birraititarena.
N.J.E.: Albistea jakindakoan, ez nekien barrezka ala zarataka hasi. Emozionatuta nengoen. Ez dago dirurik Fikako familia horrek egindako lana ordaintzeko.
Deshobiraketan aitaren zein arrasto agertu ziren?
E.L.P.: Gamiz-Fikan egindako desobiratzean birraititaren hezurdura osoa agertu zen, den-dena. Berak zeramatzan gailuen artean, koilara bat, Eusko Gudarosteko ikurra duen hebilla, kremailera bat, ispilu txiki bat eta abarka bat agertu ziren.
N.J.E.: Orain arte ez dut aitaren ezer eduki. Ezta argazki bat ere. Orain, zelan hil zen jakin ahal izan dut, eta badut berea izandako objekturen bat. Pozik nago. Eta berriro diot, ez dagoela dirurik Fikako familia horrek egindakoa eskertzeko.
E.L.P.: Bai, oso esker oneko gaude Fikako familia horregaz eta Lander Mellagaz. Berak eman zuen informazioa. Zorretan gaude.
Aurkikuntza honegaz, familian urte luzez egondako mina erreparatu den sentipenik baduzue?
E.L.P.: Amama eta bere ahizpak amagaz geratu ziren aita desagerturikoan. Ama, alargun, lau alabagaz, eta familia aurrera ateratzeko modurik barik. Ahizpa bakoitzak leku diferenteetara joan behar izan zuen bizimodu bila. Aitaren desagerpena tabu lez bizi izan dute. Eta orain amamak badaki zelan desagertu zen, non desagertu zen. Bestalde, kontuan hartu behar da aurkikuntza hau kasualitatez etorri dela, lekukotasun bati eskerrak. Eta, beharbada, gure kasuaren antzerako gehiago egon daiteke hortik zehar. Kasu honen berri izandakoan, beharbada informazioren bat partekatzeko bulkada etorriko zaio baten bati.