Gaurkoa biharamun gozoa da “20.000 especies de abejas” filmeko lan-taldeko kideentzat. Filma Alemaniako Berlinale jaialdi entzutetsuan lehiatu da egunotan eta lan-taldeko kideek hiru sari ekarri dituzte Euskal Herrira. Tartean, jada mugarri bat ezarri duen saria. Sofia Otero 8 urteko aktore basauriarrak Aktore Onenaren Zilarrezko Hartza eskuratu du. Aktore euskaldun batek sari hori eskuratzen duen lehenengo aldia da, baliteke Otero sari hori eskuratzen orain arteko aktorerik gazteena izatea. Filmak eskuratu dituen beste bi sariak Zinema Artistiko eta Teatralaren Gilde saria eta Berliner Morgenpost egunkariko irakurleen saria izan dira.
‘20.000 especies de abejas’ filma Estibaliz Urresola zinemagile arabarraren zuzendaritzapean egin dute. Filmak umeen transexualitatea du oinarri eta istorioko hizkuntza nagusia gaztelera den arren, euskarazko pasarteak ere baditu. Lehen aldia da euskarazko zatiak dituen film bat Berlinale jaialdian lehiatzen. Pelikulan Euskal Herriko aktore asko dago. Tartean, Ane Gabarain, Itziar Lazkano eta Patricia López Arnaiz.