“Ukrainako gerraz ez ahaztea eskatu gura dugu, oraindino laguntza behar dugulako, laguntza emozionala”

Ekaitz Herrera 2023ko ots. 24a, 14:00

Yevgenia Tokar ukrainarra eta bere semea Zornotzan errefuxiatuta bizi dira abuztutik. Mikel Mugarza eta Tetiana Akimova zornotzarren etxean hartu dute babes. Orain urtebete egin zuen eztanda Ukrainako gerrak, gaurko egunez. 

Gerra “epe laburreko zerbait” izango zela uste zuen Yevgenia Tokar ukrainarrak (Kiev, 1983), “aste batzuetan konponduko zen zerbait”. Baina bonbardaketak etxe atarira heldu zitzaizkionean ikusi zuen gatazka ez zela berehalakoan konponduko: “Ni bizi nintzen lekutik etxebizitza bitara jausi ziren bonbak. Hildakoak egon ziren. Nire etxeko leihoak lehertu egin ziren uhin hedakorraren eraginez”, kontatu du. Orduan hartu zuen Ukrainako hiriburutik irteteko erabakia. 2022ko abuztua zen. Harrezkero, Yevgenia Tokar Mikel Mugarza eta Tetiana Akimova zornotzarren etxean bizi da babes hartuta. Hamabost urteko semea ere beragaz dago. “Yevgeniak eta biok Ukrainan ezagutu genuen elkar, unibertsitateko lehenengo egunean, Aire-garraioko Teknologien Ingeniaritza ikasketak hasi genituenean. Ondo gogoan dut egun hura. 2000ko irailaren 1a zen”, dio Akimova zornotzarrak irribarre bategaz. Ikaskide lez hasitako hartu-eman hura lagun-minen arteko hartu-emana izatera igaro zen denboragaz, eta horri eskerrak ama-seme ukrainarrek lagunek eskaintzen duten epeltasunean hartu dute babesa.

"Egokitzapen hau gatxagoa izaten ari da semearentzat. Dena bat-batean ailegatu zaio. Dena berregin behar izan du kolpetik," aitortu du Tokarrek. "Zornotzako eskolara joateaz gainera, Bilbon dabil musika ikasketak egiten. Egunen batean ikasketak Ukrainan amaitzea gura genuke. Dena dela, oraingoz ez dirudi horrela izango denik", gaineratu du. Ama-semeek bidean aurrera egin gura dute apurka-apurka, baina, aldi berean, adi-adi begiratzen diote Ukrainan gertatzen dabilenari. "Egunero-egunero berba egiten dut familiako kideekin, lagunekin. Argindar mozketak ohikoak dira han, baina hornidura indarrean dagoenean, hango kideek gugaz komunikatzeko modua topatzen dute", azaldu du. Tokarrek Ukrainan ditu gurasoak. Baita senarra ere, Martzial Legea dela-eta 18tik 60 urtera bitarteko gizonezkoek debekatuta dutelako herrialdetik irtetea. "Jendea gerra egoerara ohitzen da, baina horrek ez du esan gura egoerak onera egin duenik. Zu edozertara ohitu zaitezke, baina egoerak ez du zertan ona izan. Berbak falta zaizkit egoera hau azaltzeko. Eta ez gaztelaniazko berbak bakarrik, ukrainierazko berbak ere faltan ditut hau azaltzeko", azpimarratu du. Alde horretatik, Tetiana Akimovak honako gogoeta hau partekatu du: "Urte honetan zehar, jende asko hurbildu zait babesa ematera, zelan nagoen galdetzera. Benetan eskertzen dugu babes hori. Baina orain badirudi jendea gerraz ahaztu dela, zelanbait esatearren. Ulergarria ere bada, jendeak bere bizimodua egiten duelako eta ez duelako gerra bat etxean. Gerraz ez ahaztea eskatu gura dugu, guretzat ez da amaitu eta. Oraindino laguntza behar dugu, laguntza emozionala". 

5 milioi errefuxiatu
Ukrainako ekialdean 2014tik ere gerra giroa bazegoen arren, orain urtebete egin zuen eztanda denak, gaurko egunez, Errusiak Ukrainaren kontrako “operazio militar berezia” hasi eta herrialdea inbaditu zuenean. Harrezkero, gerrak eta krudelkeriak ez dute etenik izan. Milioika ukrainarrek herrialdetik ihes egin behar izan dute babes bila. Nazio Batuen Erakundeak hile honen hasieran emandako datuen arabera, gutxienez 5 milioi ukrainarrek hartu dute aterpe Europako herrialdeetan. Durangaldean ere igarri dira elkartasun keinuak. Mikel Mugarza eta Tetiana Akimova zornotzarrek osaturiko bikotea da horren adibide. Gerrak eztanda egin zuenean, bikotea Poloniaren eta Ukrainaren arteko mugara bidaiatu zuen, errefuxiatuak ekartzera. Familia pare bat ibilgailuetan sartu eta Espainiarako bidean ipini zituzten. Gerora, haien etxea Ukrainako hainbat familiaren aterpe izan da. Akimovaren urrutiko senideak hartu izan dituzte pare bat alditan. Gaur egun, Yevgenia Tokar eta bere semea dituzte harreran.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!