"Tximino eta tukanen soinuekin esnatzea benetan da ederra"

Anboto 2023ko ots. 19a, 10:30

2021eko urritik, Ziortza Elorza zornotzarra Puerto Viejo de Talamancan bizi da, Costa Ricako hegoaldean. Atzerritarrei gaztelaniazko eskolak ematen lan egiten du han

Turista asko erakartzen duen herri txiki bat da Puerto Viejo de Talamanca. Bertako kultura afrokaribearrera ondo egokitu da Ziortza Elortza, familia eta lagunengandik urrun egon arren. Zornotzara bueltatuko dela dio, bisitan behintzat.

Urtebete baino gehiago daramazu Costa Rican. Zerk eraman zintuen? 
Boluntario lanetan eta herrialdean zehar bidaiatzera etorri nintzen, 2021eko uztailean. Hile bi egin nituen hemen. Hala ere, Zornotzara bueltatzean, amaitu bako esperientzia zela sentitu nuen, eta urrian bueltatzea erabaki nuen. Eta hemen jarraitzen dut. 

Zelan egokitu zara? Bizikera guztiz desberdina dute Costa Rican. 
Bai, Euskal Herrian baino bizimodu askoz lasaiagoa dute. Benetan garrantzitsuak diren gauzei ematen diete inportantzia. Pentsamolde orokorra da zerbait konpontzerik badago berez konponduko dela, eta, bestela, ez dagoela zertan arduratu. Gainera, ez dute ezertarako presarik. Inogaz geldituz gero oso normala da gutxienez ordu erdi berandu heltzea, ez dago batere txarto ikusita. Horrek apur bat urduritzen nau. Ez naiz inoiz bereziki puntuala izan, baina hemengoa apur bat muturrekoa izan daiteke. Dena dela, ondo egokitu naiz.

‘Pura vida’, ezinbestean Costa Ricagaz lotzen dugun esaldia da.
Kontzeptu hori oso barneratuta dute Karibean. Bizitzeko era bat da, eta denetarako erabiltzen duten esamoldea da 'Pura vida'. 'Egun on', 'on egin', 'eskerrik asko' edo 'agur' esatean, 'Pura vida' gehitzen diote; une oro entzun daitekeen esalmodea da.  

Munduko biodibertsitaterik handiena du Costa Ricak. Zerk harritu zaitu gehien? 
Oso gatxa da bat aipatzea. Biodibertsitate hori une oro ikusiten dudan arren, oraindino ere ilusio handiz bizi dut. Goizero tximinoen eta tukanen soinuagaz esnatzea benetan da ederra, edo paseatzen noala nagi bategaz gurutzatzea. Snorkel egitea ere merezi du. Azkenengoz, inude marrazo eta manta-arraia bategaz igeri egiteko aukera izan nuen, eta esperientzia ederra izan zen. Bestalde, kolore guztietako landareak daude, oso kolore biziak dituzte gainera. Aurretik ezagutzen nuen arren, hibisko lorea gustatzen zait gehien.  

Aurretik, Austrian eta Vietnamen ibilitakoa zara. Guatemalan eta Panaman ere bai, baina Costa Ricak bereziki erakarri zaitu?
Ahal dudan neurrian bidaiatzea maite dut, toki eta kultura desberdinak ezagutzeko. Askotan, bisitatu dudan herrialde horretan bizitzen ikusi dut neure burua. Bada, Costa Ricaren kasuan, probatzeko pausoa eman nuen eta oso positiboa izaten ari da. Beste herrialde eta kultura batzuk ezagutzea oso gomendagarria da. Eta Costa Ricak badu zerbait berezia. Merezi du bizitzan behin etortzea.

Zeren falta igartzen duzu hor?
Familiaren eta lagunen falta, jakina. Maite ditudanengandik urrun egotea da hemen egotearen alderik txarrena. Gure janariaren falta ere bai. Euskal Herrian oso kultura gastronomiko aberatsa dugu, oso ondo jaten da. Costa Rican ere bai, oso jaki zaporetsuak daude, baina nahiko mugatuak dira.  

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!