Zornotza zure bigarren etxea dela esatea ez da astakeria izango.
Gustura nago hemen. Etxean baino denbora gehiago ematen dut hemen. Taldekideak baino gehiago, lagunak dira. Gainera, Mikel [Garitaonandia, entrenatzailea] aspalditik ezagutzen dut. Badaki zer eman dezakedan. Oso ondo ezagutzen nau.
Zornotzagaz gehien jokatu duen jokalaria zara: 6.000 minutu. Horrelako estatistikei arreta ipintzen diezun horietakoa zara?
Egia esan, ez diet arreta berezirik ipintzen, baina ilusioa egiten du, apurka bidea egiten nabilen erakusgarri delako.
Eta klubaren historian sartu zara.
Hori bai, kopuru horretara heldu den bakarra izatea itzela da. Gauzak ondo egiten nabilela eta klubak nigan konfiantza izaten jarraitzen duela erakusten du.
Hainbat postutara moldatzeko gai den jokalaria ei zara. Gaur egun non jokatzen duzu gehien?
Hegaleko pibot postuan. Egia esanda, nire ibilbidean postu guztietan jokatu dut. Hasieran joko antolatzailea nintzen. Urteak joan eta abiadura apur bat galdu ahala, barrurago jokatzen hasi naiz. Jokalari garaia naizenez eta pisu apur bat irabazi dudanez, aldaketa hori egin ahal izan dut. Gainera, eroso sentitzen naiz borroka horretan, gustatzen zait.
Beraz, polibalentea izatea bertute bat izan da zure kasuan.
Bai. Kontua da gaur egun oso dohain espezifikoak bilatzen direla: oso ondo jaurtitzen duen bat, errebotean espezialista den bat… Gaur egungo saskibaloian denerako balio duen jokalaria izatea ez dakit ona ala txarra den. Baina nire kasuan balio dit, behintzat, eta ez zait batere kostatzen. Badakit postu bakoitzak zer eskatzen duen eta, tira, denetan ere txukun moldatzen naizela esango nuke.
Jokoa bera hobeto ulertzen lagundu izan dizu?
Dudarik barik. Europa kanpotik datozen jokalari askoren hutsunerik handiena da ez dutela hemengo saskibaloia ikusten eta ezagutzen. Fisikoki indartsuak eta talentu handikoak izan daitezke, baina hemengo jokoa interpretatzen ikasi ezik galduta zaude.
30 urte egingo dituzu aurten. Epe ertainera begira, Zornotza STn ikusten duzu zeure burua?
Ogibidearen barruan dago kontua. Osakidetzak lan poltsa zabaltzeko zain nago lanean hasteko. Hori gertatzen denean, ikusi egin beharko dut lana eta saskibaloia uztartu ditzakedan. Posible bada, gorputzak eutsi arte jarraituko dut saskibaloian; bestela, utzi egin beharko dut.
Eta beste saskibaloi talderen batek eskaintza tentagarriren bat egiten badizu?
Tira, gertatuko balitz pentsatuko nuke, baina ez dut uste horrelako eskaintzarik helduko denik. Oso gatxa da. Gainera, gauza asko baloratu beharko nuke. Kanpoan bizitzea merezi duen, eta abar.
Zornontza ST Zilarrezko Ligara lehenengoz igo zenean, zu talde hartan zeunden. Iaz, bestalde, Zilarrezko Mailako Kopa irabazi zenuten. Momentu bietatik zein aukeratuko zenuke?
Biak betiko gordeko ditudan momentuak dira, baina, bat aukeratzekotan, igoera. Gogoan dut lan txukuna egiteko helburuagaz joan ginela finalera. Helburu handirik barik. Igoera ezusteko galanta izan zen, eta momentu hunkigarria denontzat. Talde hartatik Mikelek eta biok baino ez dugu jarraitzen.
Harrezkero Zornotza STk hamarkada bat darama Zilarrezko Ligan. Oraintsu, 20.000 puntura heldu da maila honetan. Honek guztiak zer esan gura du klubarentzat?
Talde txiki eta umil bat hainbeste denboran Zilarrezko ligan egotea datu ikaragarria da eta lan handia egin den seinale. Gainera, Urrezko Ligara igotzeko borrokan ibili da sarritan. Urrunera joan beharrik barik, begira azkeneko hiru denboraldiak; lehenengoan, Urrezko Ligara igotzeko finala jokatu genuen; hurrengoan, finalerdira heldu eta Kopa irabazi genuen; eta aurten hirugarren goaz. Hemendik urte batzuetara, perspektibagaz begiratzen dugunean, orduan konturatuko gara benetan zer egiten gabiltzan. Ez genuke segurutzat jo behar Zornotza ST azken hamarkada honetan lortzen dabilena. Gauza onera azkar ohitzen gara, baina meritu handia du.
Aurten zein da helburua?
Non gauden ikusita, play offetara sailkatuko gara, seguru. Hirugarren gaude eta zortzi sailkatzen dira. Gero, kanporaketa bat gainditzea behintzat espero dut. Eta finalerdietara heltzea ere bai, iaz egin genuen moduan. Hortik aurrera, ikusi egin beharko da, talde indartsuak daudelako eta oso maila exigentea delako.