Punk doinuak nagusi Zornotzako Zorber jaialdiaren lehenengo edizioan

Aritz Maldonado 2023ko ots. 10a, 11:30
Pubic Enemy.

Pubic Enemy, Arene 6 eta Kristonak taldeek kontzertua emango dute, 18:30ean. 

Zor Ber elkarteak antolatuta, musika jaialdia egingo dute zapatuan Zornotzan, Zubiondo parkean, 18:30ean hasita. Arene 6, Pubic Enemy eta Kristonak taldeek joko dute kontzertua. Arene 6 bizkaitarrak dira, Algortakoak, eta Bereiziezinak diskoa kaleratzekotan dira; TAE diskoetxeagaz kaleratu dute. Street punk eta Oi! doinuak jorratzen dituzte, eta talde gaztea izan arren kontzertu ugari eman dute; besteak beste, Brigade Loco, La Inquisición, Crim eta Rotten XIII, eta Iheskide elorriarrekin. Punk doinuak jorratzen dituzte; baita Pubic Enemy taldeak ere; Alexek, Giovannak, Irenek eta Nidiak osatzen dute taldea. Madrildarrak dira eta oraintsu Bad Blood  lan laburra kaleratu dute. Diskoteketako Flying free abesti klasikoaren bertsioa ere grabatu dute.

Eskean Kristo rock talde ezagunaren errautsetatik jaio den taldea da Kristonak. Ahobetehortz lanagaz aro berri bat hasi gura izan dute. Etapa berria hasi arren, talde arratiarrak bere izaerari, estiloari eta rock doinuei eutsi die, eta hori nabaria da zuzenekoetan eta zortzi kantuz osaturiko Ahobetehortz diskoan. Nevadah taldeagaz joko dute martxoan, Doka eta Jimmy Jazz aretoetan. Jaialdia doakoa izango da eta kontzertuak Zubiondo parkean ipinitako karpan izango dira. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!