“Jasotzen ditugun mezu, ekarpen eta bideoetan egundoko kariñoa igartzen dugu”

Anboto 2023ko ots. 10a, 13:00

Amaia Araujo eta bere familia

Iurretako Indarkan Agility kluba ekarpenak jasotzen dabil Amaia Araujo ume zornotzarra laguntzeko.  Zozketa handi bat egin gura dute. Kanpainak Amaiagatik salto! du izena. 

Metro gutxi batzuk aurrera egin eta geldiunea. Baten batek Amaia gelditu du kalean, zelan dagoen jakiteko. Beste bost metro aurrera egin eta berdin. "Zer moduz, Amaia?", galdetu dio zornotzar batek. Bai. Amaia Araujo Martin oso ume ezaguna da Zornotzan. Larrea eskolara joaten da, AIDAE elkartean parte hartzen du, bere kabuz mugitzen da gurpildun aulki motorizatuan, eta gaixotasun arraro bi ditu: artogriposi anizkoitz kongenitoa eta bihurdura-distonia. Orain, Iurretako Indarkan Agility klubeko kideek kanpina solidario bat ipini dute martxan Amaiari aurrera egiten laguntzeko. Kanpainak Amaiagatik salto! du izena eta helburu nagusi bat dauka: umeak behar dituen osasun terapiak ordaintzeko funtsak batzea. Izan ere, terapia espezializatuak direla, ortesiak direla, Bartzelonako Sant Joan de Déu ospitalerako joan-etorriak direla, Araujoren familiak gastu ekonomiko handiak ditu. “Sei urte bete arte, Foru Aldundiak arreta goiztiarra bermatzen du. Mediku espezializatuak dituzu, erizaina, azterketak... Baina behin sei urte eginda, zerbitzuan erabateko etena dago. Zer gertatu zitzaigun guri? Amaiak izurri betean egin zituela sei urte eta inora jo ezinda geratu ginela. Dena apur bat normaldutakoan, terapiak direla-eta egundoko faktura jaso genuen. Hilero-hilero 400 euro ordaintzen gabiltza”, azaldu du Esti Martinek, Amaiaren amak. 

Baina bidea gorabeheratsua izan arren, Indarkan Agility klubeko kideek argi dute Amaia Araujori laguntzeko lanerako erabat prest daudela. Buru belarri dabiltza funtsak batzeko lanetan. Zozketa erraldoi bat egin gura dute, eta han-hemenka dabiltza ateak jotzen, batera zein bestera, ekarpenak eta dohaintza solidarioak jasotzen. Esti Martinek azaldu duenez, “Maider eta Zuriñe, klubeko kide bi loteak egiten dabiltza, gero zozketa egin ahal izateko. Demagun lehenengo lotea Doctor Deseo taldeak sinaturiko diskoa eta kamiseta direla. Demagun bigarren lotea Zornotzako optika bateko kontsumo bonua dela. Hirugarren lotea izan daiteke Eneko Atxarenean bazkaltzeko aukera. Halantxik dabiltza, dohaintzekin loteak egiten. Bien bitartean, jendea errifak erosten dabil", azaldu du Martinek.

Indarkanek maiatzaren 27an egingo du Araujoren aldeko zozketa erraldoia, Jauregibarria parkean egingo den jaian. Ez hori bakarrik. Txakurren agility erakustaldia ere egingo dute. Loteak osatzeko ekarpenak zein dohaintza ekonomikoa 636 305 686 telefonora deituta egin daitezke. Errifak Zornotzako hainbat komertziotan daude salgai. Esti Martinek dioenez, herritarren harrera "egundokoa" izaten ari da, "itzela". "Jasotzen ditugun mezu, ekarpen eta bideoetan egundoko kariñoa jasotzen gabiltza", diote. "Beti diot izorratuta baina pozik gaudela. Amaia oso irribarretsua da eta irribarre horri eustea gura dugu", gaineratu du Martinek.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!