Ixerbekoan erabilera anitzeko zentro bat atontzea proposatu du EH Bilduk

Anboto 2023ko urt. 25a, 12:10

Proposamenaren arabera, azpiegiturak azokak, musika emanaldiak, erakusketak edo askotariko kultur ekitaldiak hartuko lituzke. 

Zornotzako EH Bilduk berritze proiektu bat proposatu du Ixerbekoa pabilioiarentzat: bertan erabilera anitzeko zentro bat egitea. Koalizio subiranistaren esanetan, Zornotzan ekitaldietarako "karpak kendu eta jarri" egiten dira "urtero", "horrek dakarren gastuarekin". Hori dela eta, Ixerbekoa "kulturgune" bihurtzea proposatzen dute, bertan "azokak, musika, kultur jaialdiak, erakusketak edo askotariko ekitaldiak" egin ahal izateko. EH Bilduk gaineratu du, azpiegitura horrek "erantzuna" emango liekeela herritarren eta Zornotzako elkarteen eskariei.

Bestalde, koalizio subiranistak udal gobernu taldearen jarrera kritikatu du. Ixerbekoa "bota" gura izatea egotzi diote gobernu taldeari, "lursailak saldu eta promotore pribatu batek etxebizitzak egin ditzan".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!