Joan zen asteko zapatuan, Haitz izeneko 18 urteko gazte batek —aniztasun funtzionala du— jazarpen kasu bat jasan zuen Zornotzan eta hura salatzeko kontzentrazioa egin dute gaur eguerdian. Jende asko bertaratu da.
Jazarpena jasandako familiaren lagun batek testu bat irakurri du eta honela kontatu du joan asteburuan gertatutakoa: "Kalean jazarria izan zen bere adin inguruko beste 30 bat gazteren partetik. Kale osoan zehar jazarri zuten, bere atzetik korrika eta irainka. Taberna baten sartu zen. Ama hantxe zegoen. Beste gazteek galdetu zuten Haitz barruan ote zegoen. Ama haserre irten eta gazteak berari irainka hasi ziren. Gainera, inguruan begira zeudenak, lagundu beharrean edo agintariei deitu beharrean, beste alde batera begiratu zuten". Pertsona horiei zuzendu zaie eta galdetu die zelan sentituko ziren jazarritakoa euren inguruko norbait izan balitz.
Baita kontatu du berak ere jazarpena jasan zuela umetan lodi egoteagatik. Kontakizunaren ostean egoeraren gainean hausnartu du. "Aniztasun funtzionala izateagatik edo lodi egoteagatik edo edozer dela ere, ez al dugu mundu honetan egoteko eskubiderik? Denok gizakiak gara. Haitzek lau urte daramatza sufritzen. Ez da kalera irteten ausartzen, jo edo irainduko duten beldurrez. Ez dago horretarako eskubiderik. Orain Haitz izan da, baina bihar zuei gertatu ahal zaizue edo zuen inguruko bati". Plaza guztiak lagundutako "jazarpenari ez" oihuarekin eta txaloen artean amaitu du mezua.
Kontzentrazioan "jazarpenaren aurrean, ez begiratu beste aldera" lako oihuak entzun ahal izan dira.