Zornotzak Euskal Herriko Mus Txapelketaren finala hartuko du martxoaren 25ean

Anboto 2023ko urt. 19a, 15:16
Gipuzoako finala Seguran jokatu zen iaz. (Argazkia: Euskal Herriko Mus Federazioa).

Zubiondo parkean izango da finala, bertan atonduko duten karpa batean.

Euskal Herriko Mus Txapelketa bidean aurrera doa apurka-apurka, eta markatuta dauka helmuga. Azken lehia Zornotzan jokatuko da. Momentu honetan, txapelketa kanporaketa fasean dago. Zazpi euskal lurraldeetako bikote jokalariak herrikako kanporaketak jokatzen dabiltza nor bere herrian. Lehiakideek otsailaren 25era arteko epea izango dute horretarako. Zornotzari dagokionez, bertako mus jokalarien kanporaketa urtarrilaren 27an jokatuko da Leku Berri jatetxean. Afaltzeko aukera ere zabalik dago 10 euroan. Hortik aurrera herrialdeetako finalak jokatuko dira. Bizkaikoa zein gainerako sei euskal lurraldeetakoak martxoaren 11n jokatuko dira.

Sari potoloak

Zornotzako finala irabazten duen bikoteak, txapela, garaikurra, 3.000 euro eta nazioarterako bidaia irabaziko ditu. Bigarren sailkatzen den bikoteak, 1.500 euro eta nazioarterako bidaia. Hirugarren bikoteak, 750 euro eta lau lagunentzako egonaldia landetxe batean. Laugarrenak, 500 euro eta urte osoan euskara ikasteko bi matrikula. 5. postuaren eta 8. postuaren artean geratzen diren bikoteek 250na euro poltsikoratuko dituzte. 9-16 postu artekoek, berriz, 100. 

Txapelketa Euskal Herriko Mus Federazioak antolatzen du. 2022-2023 ikasturte honetakoa bere XIV. edizioa da. Araudia kontsultatu edo informazioa eskuratu gura duenak www.ehmus.eus atarira jo dezake.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!