Zelan joan da aurtengo uzta?
Izatez 2022ko uzta da. Uzta negargarria izan zen, txarra. Berez, ez zen sagar urtea. Sagarrondoek urte birik behin ematen dute uzta ona, eta aurreko urtea urte ona izan zen. Gutxi zetorren eta eguraldiak ehuneko ehun baldintzatu du. Sikate handia egin zuen. Baina, hortik aparte, beste urte batzuetan hile pare bateko sikatea egin arren, gero, udazkeneko euriekin konpondu egiten da. Oraingoan ez du euririk egin eta hego-haize erreak sagarrondoen uztarik gehiena hondatu du. Nahiko sagarrondo handiak izan arren, haiek ere fruta ematen hasi ziren, nahiz eta berantiarrak izan. Emaitza orokorra oso eskasa izan zen. Sagarra baldintza eskasetan, eta gutxi.
Klima aldaketak zelan eragin du?
Txakolinaren edo Errioxako ardoaren kasuan, mahats-bilketa goizago egiten hasi dira. Baina, sagarraren kasuan, horrelako sikate batek min handiagoa egiten du. Klima aldaketaren ondorioa da, baina egoten dira horrelako zikloak. Urtero horrela badabil, kito. Sagardoa aguakateekin egin beharko genuke (barrez). Klima aldaketak eta tenperaturaren gorakadak beste eszenatoki batera garamatza, baina ez dakit hain epe laburrean ikusiko dugun.
Eta prezioen igoera? Sektore guztietan igarri da.
Orokorra da. Sagardoaren kasuan, puntu txarrago batetik hasten da. Lehendik ere botilaren prezioa desfasatuta egon da. Beraz, elementu guztien prezio igoeragaz, kristala eta kartoia esate baterako, egoerak txarrera egin du. Eguneratzen ez bagara, egoera okertu egingo da. Bestela, ekoizpen gastuek lehenagoko irabazi txiki hori jan egingo digute.
Bizkaiko Sagardogileen Elkarteko presidente legez, sektorean zein diagnostiko konpartitzen duzue?
Bizkaiko sagardogileek lotura zuzena dute baserriko ekoizpenagaz. Horrek gordindu egiten du egoera. Sikate luze bategaz sagardogileek sufritu egiten dute. Ez dugu onartzen bertoko sagarragaz ekoizten ez duen kiderik, eta, beraz eragina zuzena da.
Denboraldi hasierako ekitaldia bertan behera uztea erabaki duzue elkartean. Zergaitik?
Jendea ez dagoelako jai egiteko. Egoera zein den kontzientziatzeko ere bai, baina alarmismo handirik barik. Sagardotegiak zabalik daude eta sagardoa egon badago.
Zelako sagardoa dastatu ahal izango dugu?
Egoerak sagardoaren ezaugarriak baldintzatzen ditu. Bero egiten badu, sagarrak berak ur gutxiago du eta kontzentratuagoa da. Gradu aldetik zeozer gehiago izango du. Dastamenari dagokionez, aurtengo sagardoa mingotsagoa da momentu honetan. Gero, fintzen joango da. Aurten, fruta usain gutxiago izango du.
Uxarten gaur zabalduko duzue denboraldia. Zer prestatu duzue?
Etenaldi baten ondoren, 27 urtean izan dugun eskemara bueltatuko gara berriro. Funtzionatzen du eta ez goaz aldatzera. Txalapartagaz hasiko gara, Uxarteko atarian. Gero, trikitilariak eta bertsolariak egongo dira. Parranda polita egoten da, afari eder eta guzti. Bertan egon denak ondo gogoratuko du. Hemengo jaiak badu bere historia. Bertsolari asko pasatu dira hemendik.
Uxarte baserria noiz bihurtu zen sagardotegi?
Uxarte baserri tradizional bat da. 400 urte ditu, baina 200 urtetik hona badakigu nortzuek jardun duten hemen. Gure aitita-amamak eta aurreko belaunaldi batzuk dokumentatuta ditugu. Denerik egiten zen: ganaduagaz, lurrak landu, basoan... Orain 30 urte baino gehiago, baserriari beste erabilpen bategaz segida ematea planteatu nuen. Autopistaren inguruan sakabanatuta gelditu diren lurretarako eta baserrirako sagardotegiarena aproposa zela iritzi genion. Sagardo sagarrak landatu nituen. Momentu honetan 5-6 hektarea lantzen ditugu.
Prozesu osoa lantzen duzue.
Bai, ekoizpena, sagardoa, bodega eta jantokia korta zegoen lekuan. Horregaz hasi ginen, ezagutzen ez genuen esparru batean. Geure erara egin genuen eta emaitzak hortxe daude. 27 urte daramatzagu sagardotegi legez funtzionatzen. Sagardotik aparte, sagar zukua ere egiten dugu.
Orain dela 30 urte Bizkaian horrelako proiektu bat martxan ipini zenutenean, zer esaten zizueten?
Praka berri asko ez genituela egingo esaten ziguten. Gainera, sagarrondoak landatzen hasi ginen sail batzuk basoak izandakoak ziren. Baina sagarraren ekoizpen aldetik badugu zer esan.
Ibilbide luzea duzue. Zein balorazio egingo zenuke?
Ona, baina nekeza da. Sakrifizio handia eginda. Proiektu honetan 6 lagun gabiltza lanean urte osoan. Enpresa txiki bat da. Gazte gaude, eta aurrera egiteko asmoagaz.