[BIDEOA]: Etxekalte, Olaia Inziarte, XSakara eta Julen, Zornotza MusikaGaz Fest! jaialdi berrian

Ekaitz Herrera 2023ko urt. 19a, 13:35

Zornotzako Udalak, Gerediagak eta Musika Bulegoak jaialdi berri bat sortu dute: Zornotza MusikaGaz Fest! Urtarrilaren 28an egingo da, eta egun osoko musika maratoia izango da egitarauan. Emanaldiak leku zehatz batera mugatu barik, herriko bazter guztietara zabalduko dituzte. Bideoan, Julen bakarlariak Zelaietako kontzertu gelan eskainiko duenaren zatitxo bat.

Jaialdi berria musika sortzaile gazteen lana bultzatzeko bokazioz sortu dute, eta lehenengo edizio hau ibilbide luze baten abiapuntua izatea gura dute antolatzaileek. Horrela bada, urtarrilaren 28an, Zornotzako areto, taberna eta frontoiak musika emanaldiz beteko dira, goizeko 12:30etatik gauerdia pasatxora arte. Izan taberna, areto, zein pilotaleku, artista guztiek euskara hutsezko sorkuntzak aurkeztuko dituzte zornotzarren aurrean. Horixe izan da udalaren asmoa: gazteen euskarazko sorkuntzak bultzatzea. Egitaraua, honako hau izango da:  

  • 12:30 Sweet Rage (elektronik) Urtza tabernan.
  • 13:30 Goiatz Duo Sukoi tabernan.
  • 15:00 Gazte bazkaria Zelaieta zentroko frontoian. Bazkarirako txartelak Urtza tabernan egongo dira salgai hilaren 27ra arte.
  • 17:00 Ilargi Zelaietako kontzertu gelan.
  • 18:15 Etxekalte taldea Zelaietako frontoian.
  • 19:30 Olaia Inziarte Zornotza Aretoan.
  • 19:45 Deñe Vintage tabernan.
  • 20:45 Mugan taldea Zelaietako frontoian.
  • 22:00 Julen Zelaietako kontzertu gelan.
  • 23:30 XSakara Zelaietako frontoian.

Luciano Martínez kultura zinegotziak iragarri duenez, datorren urteko edizioan, Zornotzako gazteek egitarauko musika emanaldiak hautatzeko aukera izango dute. Hori bai, baldintza batzuk egongo dira. Bakarlariek 35 urtetik beherakoak izan beharko dute, eta taldeen kasuan, kideen %80 izan beharko da 35 urtetik beherakoa. Andoni Agirrebeitia alkateak azpimarratu duenez, "jaialdiak aukera bat emango die gazteei, euren lanak plazaratzeko". "Zorte apur batekin euren ametsa bete eta karrera musikal oparoa izango dute", gaineratu du. Musika Bulegoko Ruth Manzano arduradunaren berbetan, jaialdi berriaren etorrera "pozgarria" da, hainbat ekarpen egingo dituelako. Hala nola, "talentu berrietan, sektorearen profesionalizazioan eta euskarazko sorkuntzan" eragitea. Gerediaga elkarteko Beñat Gaztelurrutiak ere ildo beretik egin du berba. Jaialdian parte hartuko duten sortzaile ugarik haien lanak aurkeztu zituzten joan zen Durangoko Azokan. Zentzu horretan, Zornotza MusikaGaz Fest! jaialdiak Azokari "jarraipena" egiten diola azpimarratu du. Eragile guztien arteko lana goraipatu du Gaztelurrutiak eta hurrengo urteetan bide beretik segitzera deitu du.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!