"Gazteek gazte egunak antolatzen dituzten bezala, adin bat dugunok Karroza Egune egingo dugu"

Ekaitz Herrera 2022ko abe. 15a, 20:00

Mocedades, Camilo Sexto zein euskal musika. Leku Berri jatetxeko Kontxi Gisasola Gisasola (Zornotza, 1958) prest dago Karroza Egune ospatzeko. Berak eta Luis Urrengoetxea kaleko gainerako tabernariek 70eko eta 80ko hamarkadetan girotutako jaia egingo dute zapatuan. Dioenez, "gazte zein karroza izan, denentzako jaia" izango da zapatukoa.

Luis Urrengoetxea kaleko tabernarien elkarteak  'Karroza egune' antolatu du zapaturako. Zer da, baina, 'Karroza eguna'?

Nire adinekoentzako moduko jai bat da. Gazteek gazte egunak egiten dituzten moduan, adinez nagusixeagoak garenok Karroza Egune antolatu dugu. Badira bost urte jai hau egiten hasi ginenetik. 70eko eta 80ko hamarkadako musika ipintzen dugu tabernetan. Lutaber elkarteak, Luis Urrengoetxea kaleko tabernarien elkarteak antolatzen duen jaia da. Oso polita izaten da. Niri behintzat asko gustatzen zait. Batzuek mozorro eta guzti irteten dute kalera.

Beraz, giro jator eta sanoa batuko duzue zapatuan.

Jendeak oso harrera ona egiten dio jaiari. Gazteek ere ederto erantzuten dute. Badaude bazkaria egin eta gero jaira batzen diren kuadrillak. Bazkaltzera kuadrillan joan, seme-alabak baten batekin utzi eta parrandara irteten dutenak. Bai, bai. Karroza egune gora eta Karroza Egune behera, baina gazteek 70eko eta 80ko hamarkadako kantu guztiak abestu eta dantzatzen dituzte gero!

Beraz, musika ere definituta dago: 70eko eta 80ko hamarkada.

Bai, bai. Leku Berrin, adibidez, euskal musika asko ipintzen dugu, baina baita Camilo Sexto edo Mocedades taldeen estilokoak. Eta hara: egia esango dizut. Gazteriak kantu guztiak dakizki. Gainera, asteburu honetan ordutegi zabalagoa izango dugu tabernetan. Udalak 04:30ak arte zabalik egoteko baimena eman digu. Ez dakit mozorrotuko naizen. Lan asko daukat eta ez dakit mozorrotzeko aukerarik izango dudan. Ikusiko dut, beharbada bai. Nahiko parrandazalea naiz eta.

Parrandazalea zara orduan?

Bai, ez naiz sekula nekatzen. Gautxori xamarra naiz. Gaur egun gazteriak entzuten dituen kantuak entzun eta ipintzen ditut tabernan. Regaetoia, adibidez. Hori bai, Rosalía ez dut jasaten. Baina nire zerbitzariak gazteak direnez, badakite gaur egun zer entzuten den. 

Bota gonbidapena: zergatik hurbildu behar dugu Zornotzako 'Karroza egunera'?

Primeran pasatuko duzuelako. Are gehiago, oso ondo pasatuko duzuelako. Giro gaztea eta giro karroza, biak batuko dira. Denen gustuko giroa egongo da. Konbinatutxo bat hartu, ardotxo bat, garagardo bat, dantza apur bat egin. Giro bikaina egongo da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!