Urgozo kiroldegia eraikitzeko obra lehiaketa publikora atera dute

Anboto 2022ko abe. 14a, 10:44

Etorkizuneko kirol-instalazioa Betarraganen egongo da. Udalak 6.500.000 euroko aurrekontua ezarri du. "Erreferentziazko zentro bat" sortu gura du ikasle, klub eta elkarteentzat.

Zornotzako Udalak lizitaziora atera ditu Urgozo kiroldegi berria eraikitzeko lanak. 6.500.000 euroko aurrekontua ezarri du horretarako, eta lanek 20 hilabete irautea aurreikusi dute, abiatzen direnetik. Azpiegitura berria Betarraganen egongo da. 3.574 metro karratu izango ditu eta kirol jardueretara mugatu barik, udalak "ekitaldi kultural eta sozio-ekonomikoak" ere egin gura ditu bertan. "Hala nola, kontzertuak eta azokak". Udalak "ikasle, klub eta elkarteentzat udalerrian kirola eta estalpeko jarduerak egiteko erreferentziazko zentro bat sortzea" gura du bertan.

Anartz Gandiaga hirigintza zinegotziak azaldu du kiroldegi berriak instalazio "zabalagoak, modernoagoak eta iraunkorragoak" izango dituela. Saskibaloian ibiltzeko hainbat kantxa, 1.000 pertsona baino gehiagorentzako harmailak, erabilera anitzeko espazioak , bederatzi aldagela eta hainbat biltegi izango ditu. Zornotzako arkitektu bik diseinatu dute kiroldegi berria, eta herriko kirol klubek ere parte hartu dute proiektua garatzen.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!