Zornotzako udal aurrekontuaren erdia baino gehiago "zerbitzu publikoak indartzera" bideratuko dute

Anboto 2022ko aza. 28a, 19:30

Zornotzako Udalak datorren urterako aurrekontuak onartu ditu. 33.256.350 eurokoak izango dira, aurtengoak baino bi milioi gehiagokoak. Inbertsio nagusien artean Urgozo kiroldegia eta Jauregizahar eraberritzeko lanak daude.

Zornotzako udalbatzak 2023ko udal aurrekontuak onartu zituen barikuan. Udalak 33.256.350 euro izango ditu, aurten baino bi milioi euro gehiago. Hori horrela, "zerbitzu publikoak indartzera" bideratuko dute aurrekontuaren erdia baino gehiago, 18.140.369 euro. Andoni Agirrebeitia alkatearen esanetan, "familietan, adinekoetan eta emakumeetan" ipini dute arreta: "horiek dira gure lehentasuna eta erantzunkizuna". Aurrekontuaren laurdena baino gehiago, berriz, %28, Gizarte Ekintzara eta Berdintasun Sailera bideratuko dute. Zornotzako Udalak eredu "sozialago eta gizatiarrago" bat landu gura du, "feminismoan sakontzea helburu duten politika aktibo eta ekimen zehatzekin".  Enplegua eta euskara sustatzeko neurriak ere hartuko dituztela iragarri dute udal iturriek. 

Inbertsioak

Inbertsio nagusien artean honako hauek nabarmentzen dira:

  • Urgozo kiroldegia 2.411.000 euro
  • Jauregizaharreko urbanizazioa 600.000 euro
  • Nafarroa Zentroa 550.000 euro
  • Eguzki panelak 320.000 euro
  • Altzibarko saneamendua 270.000 euro
  • Bide publikoak eta bideak hobetzea 150.000 euro
  • Azterlanak eta proiektuak 100.000 euro
  • Aplikazio eta ekipo informatikoak hobetzea 95.400 euro
  • Argiteria publikoaren eraginkortasuna 90.000 euro
  • Inbertsioak Larrea, Gure Kirolak 58.000 euro
  • Inbertsioak Zelaieta, Zornotza Aretoa 30.000 euro
  • Bide-segurtasuna 20.000 euro
  • Nafarroa 15.000 euro
  • Zubiaur 15.000 euro
  • Euskaltegia 8.000 euro
  • Udal etxebizitzak 6.000 euro
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!