Zornotzako EH Bilduk "kirolgune multifuntzional bat" egitea proposatu du Berezikoetxen

Anboto 2022ko aza. 21a, 16:09

Koalizio subiranistaren arabera, Zornotzako Hiri Antolamendurako Plan Orokorrak "arriskuak" ekar diezazkieke komertzio txikiari eta zerbitzuei. HAPO berriak herriko biztanleriaren hazkundea bai, baina zerbitzuen areagotzea ez duela aurreikusi diote.

Zornotzako EH Bilduren iritziz, gobernu taldeak eskuartean duen plan orokorrak hainbat "arrisku" ditu. Koalizioaren esanetan planak populazioaren hazkundea aurreikusten du, baina ez zerbitzuen areagotzea. "Ez gara ezer berria esaten ari. Askotan esan dugu ez dagoela herritar eta elkarteen beharrizanak asetzeko nahikoa kirol-ekipamendurik. Ez da arazo horri errotik heltzeko planik aurreikusten", kritikatu du koalizioak. Hori dela eta, Urgozo kiroldegiaren proiektua barik, koalizioak "kirolgune multifuntzional bat" egitea proposatu du Berezikoetxen. Horrek erantzungo lieke, EH Bilduren esanetan, "herrian goraka doan kirol ekipamenduen beharrizanei". Horrez gainera, biztanleriaren gorakadari buruz hausnartzera deitu dute. Izan ere, plan berriarekin Zornotzak 3.000 biztanle gehiago izan ditzake etorkizunean. "Hau al da gura dugun herri eredua? Hazkuntza tasa honekin jarraitu gura dugu?", galdetu du EH Bilduk. 

Koalizioak adierazitako beste "arrisku" batzuk tokiko merkataritzagaz daude lotuta. Koalizioaren esanetan, HAPO berriak merkataritza instalazioaetarako dagoen 1500 metro karratuko muga ezabatzea jasotzen du, eta era 36 hektarea gehiago aurreikusten ditu jarduera ekonomikorako lur arlo modura. "Zergatik bideratu lurzoru gehiago, oraindik horretarako erabil daitezkeen 98 hektarea garatu ez badira?", diote. Kudeaketa "arduratsuago" bat eskatu diote gobernu taldeari. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!