Erakusketa Ivan Benitez argazkilari eta kazetariak Rubayako meatzean (Kongoko Errepublika Demokratikoa) hartutako argazkiek osatzen dute. Argazkiek gailu teknologikoak sortu ahal izateko lehengaien eta Giza Eskubideen urraketen arteko hartu emanak erakusten dituzte. Alboan Gobernuz Kanpoko Erakundeak antolatu du erakusketa. Euren esanetan, Kongoko eta Kolonbiako indarkeria, esaterako, estuki lotuta dago gure kontsumo ohiturekin, urrearekin, adibidez. "Urrea gure mugikorrak fabrikatzeko erabiltzen den materiala da eta aipatu behar da herrialde hauetan, urre ekoizpenaren %80 legez kanpokoa edo arautu gabea dela eta horrek indarkeriaren bideak errazten dituela", adierazi du elkkarteak. Alboan elkarteak "gatazka mineral" bezala izendatzen du urrea. Hori dela eta, Zornotzako Udalak erabiltzen ez diren mugikorrak jasotzeko gunea ipiniko du Zelaieta zentroan.