"Boiseko ikastolan lanean aritzea oso positiboa izan da pertsonalki eta profesionalki"

Jone Guenetxea 2022ko aza. 13a, 10:20

Joan zen ikasturtean Asier Beldarrain (Zornotza, 1994) irakasle aritu zen Boiseko ikastolan (AEB). Euskal diasporako komunitaterik zabalenak “besoak zabalik” hartu zuela azpimarratu du zornotzarrak. Baina dena ez zen lana izan. Amerikako Estatu Batuetako eta Mexikoko hainbat leku ezagutzeko ere baliatu zuen bidaia. Abuztuan Euskal Herrira itzuli zen eta ikasturte honetan Elgoibarko ikastolan irakasle dabil, LHn.

Zertan aritu zara Boiseko ikastolan?
Joan zen ikasturtean irakasle lanetan ibili nintzen. 2tik 7 urtera arteko umeei zuzenduriko ikastola dago Boisen eta urtero irakasle bi joaten dira eskolak ematera Euskal Herritik. Gure metodologia irakasten diegu. Gure helburua euskal kulturan murgiltzea eta euskal hizkuntzan sakontzea izan zen. Ikastetxe horretan 24-25 ikasle egoten dira. 

Zein da ikasle horien profila?
Batzuk euskaldunen oinordekoak izaten dira, baina edozein apuntatu daiteke. Izan ere, izena ematen duten ume asko ez dira euskal diasporakoen ondorengoak. Ikusten dute AEBetan bigarren hizkuntza bat ikastea gatxa dela, ingelesak indar handia duelako. Boisen euskal gizartea oso presente dagoenez, komunitate horren parte izan gura dute. 

Zelan erabaki zenuen hara joatea?
Hizkuntzagazko eta kulturagazko maitasunak bultzatu ninduen. Era berean, garapen profesional baten bila joan nintzen. Abentura hori bizi gura izan nuen. 

Zelako esperientzia izan da?
Pertsonalki eta profesionalki oso positiboa izan da. Momentu gogorrak ere izan dira. Hasieran aldaketa handia da eta zeure burua kokatu behar duzu. Baina, orokorrean, oso positiboa izan da. 

Boisen euskal komunitate handia dago. 
Euskal komunitate oso zabala dago eta besoak zabalik hartzen zaituzte beti. Gu hara euskara bultzatzera joatea eskertzen dute. Euren seme-alaba edo ilobei euskara irakastera joatea gauza handia da eurentzat. 

Izango duzu anekdotaren bat.
Nire herriko eta auzune bereko jendea topatu dut han. Baina, anekdota legez, bitxia iruditu zait euren hiztegi propioa dutela, euskara eta ingelesa nahastuz. Adbidez, sardexkari forkixe esaten diote eta aparkatu aditzari parkeau.

AEB ezagutzeko aukera izan duzu. Zein leku bisitatu dituzu?
Kalifornia osoa, Utah, Seattle, Los Angeles, San Frantzisko eta baita Mexiko ere.

Zein izan da gehien gustatu zaizun lekua?
Hirietan San Frantzisko. Baina inguru naturalen artean Arroila Handia azpimarratuko nuke. Ez du zerikusirik Europan topatu dezakezunagaz. Dimentsioak erraldoiak dira. 

Mantentzen duzu hartu-emana Idahoko lagunekin?
Bai, jakina. Lagun asko utzi dut han. Askotan joaten ginen Euskal Etxera, eta hartu-eman handia izan nuen hango jendeagaz. Boiseko euskal komunitateko asko urtero etortzen dira Euskal Herrira bisitan. Jubilatuta daudenek, esate baterako, denboraldiak egiten dituzte han eta hemen. Sare sozialetatik ere mantentzen dugu hartu-emana.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!