Zornotzako Musika Bandaren denboraldi berriak sei emanaldi izango ditu

Aritz Maldonado 2022ko aza. 9a, 12:08

Aritz Labrador eta Luciano Martinez.

Zapatu honetan, hilak 12, izango da lehengo emanaldia: Zinema atzo eta gaur. 20:00etan, Zornotza Aretoan. Banda "hazten eta bere lekua hartzen" ari dela azpimarratu dute Aritz Labrador zuzendariak eta Luciano Martinez kultura eta kirol zinegotziak. Horrez gainera, bandak "espazio propio bat" izango duela iragarri dute, entseatzeko eta artxibo lez erabiltzeko. 

 

Labradorrek Zornotzako Musika Banda zenbat hazi den nabarmendu du. "2019ko martxoan egin genuen lehenengo entsegua, eta hamabi lagun batu ginen bertan; joan-etorriak egon dira ordutik, baina gaur egun, garrantzitsuena da 35 lagun inguruk osatzen dugula banda". Zinema atzo eta gaur izango da lehenengo emanaldia, zapatuan; quiz estiloko lehiaketa bat planteatuko diete ikusleei, atzoko eta gaur egungo zinemako abestiekin. Abenduaren 17an, Atzoko eta gaurko klasikoak emanaldia eskainiko dute. "Herriko Eider Etxeandia, Jon Castañeda, Joanes Zeberio eta Ariane Cagno kantarien kolaborazioa edukiko dugu pop, folk eta rock klasikoak aurkezteko", azaldu du Labrador zuzendariak. Otsailaren 25ean Ander Marzana pianojotzaile bilbotarraren kolaborazioa izango dute Pianoa atzo eta gaur saioan.  

Udaberriko lehenengo kontzertua apirilaren 1ean izango da, eta bandaren errepertorio klasikoenaren errepasoa egingo dute; Banda atzotik gaur arte deituko da emanaldia. Ekainaren 10ean, ostera, Atzoko aldapeko, gaur emanaldi berezia egingo dute; Aldapeko Basque Latin Jazz talde gonbidatuagaz eskainiko du kontzertua Zornotzako Musika Bandak. "Gure betiko melodiak jazz estilo berritu eta fresko batean aurkeztuko ditugu", borobildu du Labradorrek. Denboraldiko azken kontzertua Karmen eta Santanatxu jaietan eskainiko dute. "Herriaren eta bandaren arteko sinbiosia erakusten du jaietako kontzertuak", azpimarratu du Martinez zinegotziak.  

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!