Zornotzako EH Bilduk Hiri Antolamendurako Plan Orokorrari ekarpenak egiteko eta alegazioak aurkezteko epea luzatzea eskatu du. Udalerriko ordezkari politikoek osoko bilkura egin dute goiz honetan, eta Gaizka Esparza zinegotzi subiranistak bertan egin du eskaria. Esparzaren berbetan, "herritar gehienek ez dute Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren gaineko informaziorik edo ezagutzarik, ezta alegazio edo ekarpenak aurkezteko eperik dagoenik ere". Horren aurrean, berez urriaren 31n agortzekoa den epea luzatzea eskatu dio gobernu taldeari. Herritarrek "dokumentazioa aztertzeko eta euren alegazioak prestatzeko denbora nahikoa" izatea gura du EH Bilduk.
Zornotzako Hiri Antolamendurako Plan Orokor berria uztailaren erdialdean ipini zen martxan. Udalak triptiko bat banatu zuen etxerik etxe. Irailean bilera informatibo eta ireki bat egin zuten. Koalizio subiranistaren iritziz, baina, data haiek ez ziren onak izan planaren zabalkundea egiteko. Gaia "tentuz eta presarik gabe" lantzera deitu du EH Bilduk, "HAPOak herriaren etorkizuna" baldintzatzen duela iritzita, eta herritarren parte hartzea "ezinbestekoa" dela adierazita. Alba Gutierrez Elkarrekin Podemoseko ordezkariak ere ildo beretik egin du berba. Herritarrak deitu ditu HAPOari ekarpenak egiteko prozesuan parte hartzera.
Abenduaren 31ra arte
Zornotzako Udalak aintzat hartu du oposizioko taldeen iritzia. Udalak HAPOaren erakusketa epea luzatu du abenduaren 31ra arte, "dokumentuaren garrantzia eta jasotzen dabiltzan kontsulta kopurua kontuan hartuta". Herritarrek Zelaieta zentroko sarrera nagusian kontsultatu ahalko dute sintesi-dokumentua. Udalak herritarrak animatu ditu ekarpenak egitera.