Euskal Jaia ate-joka dago. Gogotsu?
Igone Idigoras: Bai, bai, oso gogotsu. Euskal Jaiak geroago eta arrakasta handiagoa izaten du urtetik urtera. Herriko taldeen artean zeozer egitea da helburua, denok batera. Geroago eta talde gehiagok parte hartzen dute eta aurtengo erronka ildo horretatik doa. Herriko hainbat gunetara zabaldu gura dugu Euskal Jaia, eta, aldi berean, herritarren sektore gehiagotara.
María Aldazabal: Bai, jai eremua herri bazkarira mugatu da orain arte. Baina aurten giroa herriko bazter gehiagotara zabaltzea da asmoa. Ez dago herri bazkaririk. Jendeak elkarte gastronomikoetara, tabernetara, kalera jo dezan gura dugu.
Iñaki González: Aurtengo beste erronketariko bat gazteria hurbiltzea da. Haiekin batu ginen, euren iritzia jasotzeko. Musika eta kalejira batu ditugu egitarauan.
M.A.: Bai. Edizioetariko batean rap kantari euskaldunak ekarri genituen. Dena ez da jantzi tradizionala. Azken finean, ez dugu folklorera mugaturiko jai bat egin gura. Helburua giro euskalduna sortzea da.
Herriko zein eremutara eramango duzue jai giroa?
I.I.: Egitarauko ekintzetariko bi batera egingo dira. Zornotza Kantuz eta Trikitilarien kalejira udal plazatik hasiko dira, 13:00etan. Baina bakoitzak bere bidea egingo du. Zornotza Kantuz osasun etxearen aldera eramango dugu. Eta trikitilarien kalejira beste aldera. Ekitaldi biak udal plazan amaituko dira. Musika Bandak Oskorriren abestietan oinarrituriko kontzertua emango du, plazan. Gero, Soinutxikie taldeko kideen kalejira egongo da, Luis Urrengoetxea inguruan. Eingo taldeagaz ere, berdin. Erromeria ibiltaria izango da.
18 eragileren elkarlana batu duzue jaialdian. Elkarteen inplikazioa bistakoa da.
M.A.: Bai. Eragile bakoitzak bere alea ipini du. Gainera, kontuan hartu behar da Euskal Jaia Zornotzako ikastetxeak batzen dituen ekitaldi apurrenetarikoa dela. Horixe da jaialdiaren izaera. Herriko elkarteen borondateagaz antolatzen dugu, eta udalaren babesa ere badugu. Kartelaren egileari ere eskerrak eman gura dizkiogu, Xabier Leginari.