Zornotzako Aramotz mendi lasterketan ibilbide luzea berreskuratu eta laburra mantendu egingo dute domekan

Joseba Derteano 2022ko urr. 13a, 09:58

Zornotza Mendi Taldeak Aramotz mendi lasterketa antolatu du domekarako. Ibilbide luzea bueltan dela da aurtengo nobedade nagusia. Pandemiaren eraginez, azken aldi bietan ibilbide laburra baino ez dute egin, errazagoa zelako kontrolatzeko eta pilaketak saihesteko. Aurten, 28 kilometrokoa berriro antolatu eta 17koa mantendu egingo dute.

Biak Jauregibarria ondotik irtengo dira: luzea 08:30ean, eta laburra 09:00etan. Ibilbidean moldaketa txiki bat dago. Orain edizio batzuk Mugarrikolandatik 'kantera' lez ezagutzen den tokira jaistea erabaki zuten, eta gero beste aldats bat igotzea, baina horren beharrik ez dagoela konturatu dira eta kendu egin dute. "Desnibel gehitxoago ipintzea zen helburua, 200 bat metro gehiago, baina ikusi dugu 1.800 metroko desnibela nahikoa dela korrikalarientzat, eta antolaketaren ikuspuntutik ere errazagoa dela tarte hori barik", adierazi du Zornotza Mendi Taldeko Kemen Iturraranek. 

Aurten 180 korrikalarik parte hartuko dute eta hurrengo aldietara begira 200era heltzea dute helburu. "Baina heltzen ez bagara ere pozik egongo gara. Lasterketa herrikoia da, zaletasuna dutenentzat antolatzen dugu eta jendeak gure inguruko mendiekin gozatzea da helburu nagusia", dio Iturraranek. Lasterketa irabazteko faboritoen artean Maria Zorroza aipatu daiteke lasterketa laburrean, eta Erlantz Zaldunbide luzean.

Lantaldeak
Aurtengo beste berrikuntza bat barrura begirakoa da, egiturari dagokiona. Zornotza Mendi Taldeko lagunek laguntza eskatu dute antolaketa lanetarako, eta jendearen partetik erantzun "ona" jaso dute. Beraz, lantaldeak antolatuz eta erantzukizuna banatuz jardungo dute: ibilbideak garbitzeko eta markatzeko, anoa guneetarako… "Hurrengo aldietan lan egiteko modu honi jarraipena eman gura diogu", esan dute. 

Mendi bizikleta martxarik ez
Pandemiaren aurretik mendi bizikleta martxa antolatu zuten, lehenengoz, data honen bueltan, baina ekimen horrek ez du jarraipenik izango. Parte hartzaileak gustura ibili zirela dio Iturraranek. Beraz, bertan behera uzteko arrazoia beste bat da: ibilbide bera mantentzeko zailtasuna. "Pinu asko botatzen dute, sarritan bideak itxita daude eta ikusten genuen ezingo genuela ibilbide bera egin", adierazi dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!