Megamax youtuber ezaguna Zornotzako Mangamoren egongo da

Aritz Maldonado 2022ko urr. 6a, 14:05

Andoni Agirrebeitia alkatea eta Ainhoa Salterain zinegotzia.

Mangamore manga eta anime jaialdiak hamasei edizio beteko ditu aurten. Urriaren 14-16 bitartean egingo dute Mangamore, Zornotzan, eta besteak beste, Megamax eta El Quinto Emperador youtuber ezagunak egongo dira Zornotzan. Bost gune prestatuko dituzte topaketarako. 

Andoni Agirrebeitia alkateak Zornotza "manga munduaren epizentro" izango dela azpimarratu du, baita, jaialdia familia osoarentzako prestatzen dutela ere. "Egitarau zabalari esker, adin guztietako zornotzarrek gozatzen duten jaialdi tematikoa da hau, nahiz eta mangaren edo animearen zale sutsuak ez izan", azaldu du gaur goizeko aurkezpenean. Ainhoa Salterain Hiritartasun arloko arduradun eta gizarte ekintza zinegotziak Megamax eta El Quinto Emperador youtuberren saioak nabarmendu ditu. Izan ere, Salterainen arabera Megamaxek zazpi milioi jarraitzaile baino gehiago ditu plataforma desberdinetan. "Munduko edozein bazterretako pertsonak entretenitzea du helburu, eta batez ere, nerabezaroko trantsizioa bizitzen ari diren gazteak", azaldu du. El Quinto Emperador, ostera, youtuber gipuzkoarra da, eta One Piece telesailean da aditua.

Mangamorek bost gune izango ditu aurten: Amorebieta IV frontoia, Zelaieta Zentroa, Gaztetxokoko sarrera, Zelaieta parkeko karpa eta Zornotza Aretoaren eta Herriko Plazaren arteko gunea. 

Hitzaldi bi, euskaraz

Salterainek hitzaldietako bi euskaraz izango direla nabarmendu du, baita ere. Alde batetik, urriaren 14an Jose Antonio Morlesinek iaz EHUk argitaratutako gidaren xehetasunak emango ditu. Bestalde, Jose Carlos Torrek eta Maitane Echevarriak Ttak komiki eta ilustrazioa aurkeztuko dute. Ohi bezala, Cosplay eta Asian Dance lehiaketak ere egongo dira. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!