[ARGAZKI GALERIA] Jan Alai pintxo lehiaketako mokaduak zeintzuk izango diren argitu dute

Ekaitz Herrera 2022ko ira. 30a, 10:03

Zornotzako Jan Alai pintxo lehiaketa bueltan dator hiru urteko isilunea eta gero. Aurten 16 pintxo eta 16 taberna lehiatuko dira nor baino nor. Txapelketa urriaren 6tik 9ra jokatuko da. Pintxorik berritzaileenaren saria eta zerbitzaririk profesionalenaren saria egongo dira besteak beste. 

Zornotzarrak prest daude herriko ostalariek prestaturiko mokadurik finenak dastatu eta herriari bizitasuna emateko. Udalak, Dendariak elkarteak eta Iraunkor elkarteak Jan Alai pintxo lehiaketaren 9. edizioa aurkeztu dute goiz honetan. 16 taberna eta 16 pintxo. Itxura bikainekoak eta mimoz kozinatuak guztiak. Urriaren 6tik 9ra, beraz, Zornotzako kaleetan gura adina jan-edan egongo dela. Taberna lehiakideak hiru eremtan banatu dituzte, gutxi gorabehera eremu geografikoaren arabera. Honako ordutegi honekin jokatuko da pintxo txapelketa: urriaren 6an 18:00etatik 21:00etara; urriaren 7an eta 8an 12:00etatik 15:00etara eta 18:00etatik 21:00etara; eta urriaren 9an 12:00etatik 15:00etara. 

Sariak, berriz, honako hauek izango dira: pintxo berritzaileenaren saria (1.000 euro, plaka eta txapela), herritarren saria (1.000 euro, plaka eta txapela) eta zerbitzaririk profesionalenaren saria (plaka eta 250 euro). Horrez gainera, pintxoak erosten dituzten herritarren artean zozketak egingo dituzte. Batetik, 500 euro zozkatuko dituzte gutxienez eremu bakoitzeko 3 tabernatan pintxoa kontsumitzen dutenen artean. Bestalde, Dendariak eta Iraunkor elkarteek 25 hozkailu-motxila eta 3 produktu-sorta zozkatuko dituzte, hurrenez hurren, pintxo guztiak probatzen dituztenen artean.

Maiatzean egitetik urrira

Jan Alai txapelketa maiatzean egin izan da orain arte, baina hori horrela mantentzeak datorren urtera arte atzeratzea eragingo zuenez, aurten udazkenean, urrian egitea erabaki dugu", azaldu du goiz gonetan Esti Martiartuk, Zornotzako Udaleko Ekonomia Sustapen eta Enplegu zinegotziak. Ainhoa Salterain Gizarte Ekintzako zinegotziak, bestalde, "ostalaritza biziberritzen jarraitzeko apustua" egingo dutela agertu du. 

Zornotzako udal ordezkariak 2019an Jan Alai txapelketako sariak irabazi zituztenekin.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!