Zelan heldu da zornotzar gazte bat Kopenhagera moda ikastera?
Orain dela hiru urte etorri nintzen Kopenhagera, masterra ikastera. Iazko ekainean amaitu nuen master hori.
Zelan erabaki zenuen zure ikasketak modaren arlora bideratzea?
Etxean beti ikusi izan ditut arropari loturiko ogibideak. Nire familia Balmasedakoa da eta amama jostuna zen. Tailer bat zeukan. Izekok ere moda ikasi zuen, gaztea zenean. Niri ere betidanik gustatu zait. Zentzuzkoa iruditu zitzaidan neu ere bide horretan hastea.
Kopenhagera joan aurretik, non ikasi duzu?
Bilboko INEDI eskolan ikasi nuen. Lau urteko karrera egin nuen bertan, eta, gero, Europako herrialderen batean master bat egiteko gogoa izan nuen. Esperientzia hori bizi gura nuen. Kopenhagekoak itxura ona zuen eta horregaitik etorri nintzen hona.
Zure espektatibak bete egin ziren Kopenhagen?
Masterra esperientzia gazi-gozoa izan da, COVIDaren eraginez. 2019an heldu nintzen eta masterraren bigarren zatian COVIDa heldu zen. Zati bat etxetik egin genuen.
Masterreko ikasleek desfilea antolatu zenuten, bakoitzak prestaturiko proiektuagaz.
Gelakideok desfilea antolatu genuen Kopenhageko moda astean, joan zen ekainean. Hamasei ikasle izan ginen. Bakoitzak bere proiektua aurkeztu zuen. Nirea Logela proiektua izan zen.
Zelan heldu zen desfile hori Vogue aldizkarira?
Desfileak oso harrera ona izan zuen. Vogue aldizkariko argazkilari bat bertan izan zen eta gure desfilea aldizkari horretan atera zuten. Esperientzia harrigarria izan da. Lan handia egin genuen desfilea antolatzen, eta errekonozimendu hori jasotzea pozgarria izan da. Atzetik etorri direnentzat ere garrantzitsua izan da. Moda industria ikasleei eta sortzaile berriei begira dagoela ikusteak ilusioa egin zigun.
Zelan definituko zenuke zuk sortzen duzun arroparen estiloa?
Logela oso proiektu berezia izan zen. Masterraren tesia performance artearen inguruan idatzi nuen. Beraz, hau guztia Logelaren inguruko emozioei buruzko hausnarketa da, performanceagaz lotuta. Formekin, oihalekin eta asimetriekin esperimentatzea gustatzen zait. Diseinatzaile japoniarrak ditut buruan, moda abangoardista horretan murgiltzea gustatzen zait. Logelaren kasuan, arropa guztiak beltzez egin nituen. Kolekzio horrek nire estiloa definitzen du, baina nire estiloa hori baino zabalagoa da. Ez nuke gura behin sorturiko diseinu batzuek etorkizunean egingo dudana definitzea. Nire estiloagaz esperimentatzen nabil.
Nortzuk dira zure erreferenteak modan?
Moda japoniarra asko gustatzen zait eta oso presente dago nire sorkuntzetan. Baina beste diseinatzaile batzuk ere baditut gustuko: Jean Paul Gaultier, Alexander McQueen, Hussein Chalayan... Guztiek narratiba bat sortzeko erabiltzen dute moda, zeozer kontatzeko. Espresibitate zehatz bategaz lan egiten dute. Gizartea ulertzeko eta testuinguru zehatzen hausnarketak egiten dituzte.
Moda industriaren sektore batek neurririk bako kontsumoa bultzatzen du. Gogoeta egin beharko litzateke kontsumo hori jasangarria izateko?
Enpresa txikiek pedagogia egitea gustatuko litzaidake, kontsumitzaileek ikusi dezaten zenbat lan dagoen arropa baten atzean. Kontzientzia hori garatu beharko genuke, kontsumo jasangarriagoa izan dadin eta sektoreko langileen bizi baldintzak hobeak izan daitezen. Baliabideak mugatuak dira. Bestalde, mundu guztiak ez du baliabiderik oso arropa garestia erosteko. Badakit egoera konplexua dela. Egia esan, mundu guztiak ez du baliabiderik moda jasangarria kontsumitzeko. Ertz asko duen gaia da.
Arropa modu kontzienteagoan erosi beharko litzateke?
Modan, egutegiagaz du lotura horrek. Modaren oinarrian urtean garai bi daude, eta modaren industria garai horietara egokitzen da. Horrek presio bat sortzen du enpresetan, hile zehatz batzuetarako atera behar delako kolekzioa. Sasoi horiek malgutzea ere interesgarria izan liteke. Bestalde, armairu aldaketari dagokionez gogoeta egin beharko genuke. Zergaitik aldatu behar dugu armairuko arropa birritan edo hiru bider urtean? Gure aitita-amamek arropa gutxi zuten, baina, orokorrean, modistek egindakoa zen. Dirua apur bat aurreztu eta behar zutena erosten zuten. Erosketa kontzienteagoa zen, beharrizanen arabera.
Enpresa txikiak beste modu batean funtzionatzen hasi dira.
Enpresa txiki askok enkarguz lan egiten dute. Jaka baten prototipoa dute eta erosten duzun momentuan sortzen dizute. Bitik lau astera bitartean itxaroten baduzu, bidali egiten dizute. Moda ekoizteko modu jasangarriagoa da, ez duzulako behar den baino gehiago ekoizten. Momentu honetan martxan dagoen sistemak ez du zentzurik.
Zein proiektu duzu esku artean gaur egun?
Azken urtean denerik egin dut: enkarguak, jostun lana, praktikak moda enpresa batean... Hemengo enpresaren batean lanen bat lortu gura nuke, etorkizuneko proiektu bat martxan jarri aurretik esperientzia izateko. Nire proiektuetan ere banabil. Kolekzio bat prestatzen nabil, baina ez dakit noiz kaleratuko den. Neguan ateratzea gustatuko litzaidake.
Epe luzera, zure proiektu propioan lan egitea gura zenuke?
Proiektu pertsonal bat izatea gustatuko litzaidake, baina ez da zertan nire marka pertsonala izan. Kolektiboki sortu dezakegun enpresa bat izan daiteke.