'Munduari itzulia 80 egunetan' ikuskizunagaz ekingo dio Zornotza Aretoak denboraldi berriari

Anboto 2022ko ira. 27a, 15:43

Gaur aurkeztu dute Zornotza Aretoaren udazkeneko denboraldia. Glu Glu konpainiak Munduari itzulia 80 egunetan antzezlanaren estreinuagaz ekingo diote denboraldi berriari. Zapatuan izango da emanaldia, urriak 1, 12:30ean eta 17:30ean. 

Julio Verneren klasikoa musikal bilakatu dute konpainiako kideek, ohikoa duten komedia ukituarekin. Galder Perez arduratu da moldaketaz, eta zuzendari lanak Ugaitz Alegriak egin ditu. "Trama nagusia gure errealitatera egokitu dugu. Horrela, munduaren bira berezia izango da gurea, etxetik irten gabeko abentura. Izan ere, protagonistek etxeko elementuekin eta irudimena astinduz egingo dute bidaia", azaldu du. Aurkezpenean, konpainiako kideek antzezlanaren bi zati antzeztu dituzte. Andrea Covadonga, Sara Barroeta, Leire Ormazabal eta Jon Casamayor dira aktoreak. 

Andoni Agirrebeitiak Zornotzako alkateak, bestalde, Zornotzan kulturaren alde egiten den apustua nabarmendu du. "Guretzako, kultura inbertsio bat da. Zornotzarrek gure udalerrian kultur eskaintza ona izan dezaten lan egiten dugu, beste herri batzuetara mugitzeko beharrik senti ez dezaten. Garrantzitsua da gogoraraztea antzerkiak, kontzertuek edo kultura-ikuskizunek onura ugari dakartzatela herritarrentzat, eguneroko errutinaren ihesbide baitira, tarte atsegina bizitzeko momentua. Eta horrek ere, eragin positiboa du bizikidetzan", azaldu du aurkezpenean. 

Bi talde zornotzar

Ainhoa Salterain Gizarte ekintza eta berdintasun zinegotziak egitarauan talde zornotzar biren ikuskizunak sartu izana nabarmendu du, bestalde. "Familia osoari zuzendutako bi ikuskizun egongo dira. Alde batetik, Miren Larrearen Anita Maravillas konpainia Zornotza Aretoan egongo da datorren urriaren 22an, Pintto Pintto antzezlanagaz. Markeliñek, ostera, Grand Mamut lana estreinatuko du abenduaren 29an". Horiez gainera, La Dramatica konpainiaren Yema lana azpimarratu du, izan ere, bertan Loli Astoreka aktore zornotzarrak parte hartzen du. Hurrengo hiru hilabeteetan antzezlanak, dantza-ikuskizunak eta kontzertuak egongo dira. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!