Hain zuzen ere, Udazken txistu taldea arduratu da Txistu Eguna antolatzeaz. Guztira, zortzi taldek parte hartuko dute egun berezi honetan: Iruñeko Oskiak, Eibarko Usartzak, Legazpiko Goiz Deiak, Lekeitioko Itxaropenak, Bermeoko Kankinkabarak, Errenteriako Gazteakek, Durangoko Jaizalek eta Udazken txistu taldeak parte hartuko dute. Taldeak 17:00etan hasiko dira herrian zehar txistua jotzen; Zelaieta zentroan batuko dira denak, 18:00etan, eta handik hasita Zornotzako gunerik garrantzitsuenak zeharkatuko dituzte.
Txistulari Eguna ez da Udazkenek urtero antolatzen duen ekitaldi bakarra. Azken 22 urteetan Karmengo jaietan txistu kontzertua egin izan dute beste herri batzuetako musikari, abesbatza eta abeslari gonbidatuekin. Horrez gainera, domeketan kalejira egiten dute (abuztuan izan ezik), eta Zornotzako auzoetako jaietan ere parte hartzen dute.
Ogenbarrenako jaiak
Asteburuan Ogenbarrenako jaiak ospatuko dituzte. Udazken txistulari taldeko iturrien arabera, Txistu Egunean parte hartuko duten taldeak ere arituko dira bertan. 19:00etan izango da hori.