"Jokalari asko geunden eta ez nekien zer gerta zitekeen, baina klubaren konfiantza irabazi dudala uste dut"

Anboto 2022ko ira. 21a, 18:03
Jon Morcillo Athleticekin urtebete gehiagorako kontratua sinatzen. (Argazkia: www.athletic-club.eus)

Jon Morcillo Athleticeko jokalari zornotzarrak prentsaurrekoa eskaini du klubarekin lotzen duen kontratua 2024ra arte luzatu ostean.

Athletic Clubek eta Jon Morcillo futbolariak kontratua denboraldi batez (2024ko ekainaren 30era arte) luzatzea adostu dute asteon, eta gaur arratsaldean prentsaurrekoa eskaini du bere sentsazioak emateko. 

Athleticen jarraitzeagatik oso pozik dagoela adierazi du. "Egon nahi dudan tokian nago eta oso pozik dena gertatu den moduagatik. Denboraldiaurrera gogoz eta ilusio handiz iritsi nintzen entrenatzaile berriari nire bertuteak erakusteko. Jokalari asko geunden eta ez nekien zer gerta zitekeen, baina klubaren konfiantza irabazi dudala uste dut. Nire ametsa hemen egotea da eta badakit zelako zaila den. Klubak hemen jarraitzea nahi zuela erabaki zuenean ez dut inolako oztoporik jarri. Minutuak ditudanean, hemen egoteko maila eta gaitasuna dudala erakusten saiatuko naiz".

Morcillo Real Valladoliden aritu zen utzita joan den denboraldiko bigarren itzulian, eta, bertan protagonismo handirik izan ez arren, bere lagapena oso positiboa izan zela uste du. "Jokalari helduagoa naiz eta esperientzia handiagoa dut. Hemen egotea zein zaila den jakitun. Banekien zer eman behar nuen geratzeko".

Azkenik, pertsona publikoa izatearen gainean hausnartu du. "Mota guztietako iruzkinen eraginpean gauden pertsona publikoak garela uste dut. Jendeak iritzia emateko eta pentsatzen duena esateko eskubidea du, baina beti errespetuz. Gehien gustatzen zaidana egiten saiatzen ari naiz, futbolaz gozatzen, eta saiatuko naiz niganako zalantzak dituzten horiek beste begi batzuekin begira diezadaten. Dena ez da kritika txarra, laudorio asko ere izaten ditut eta zelaira ateratzen naizen bakoitzean askotan nabaritzen dut".

48 partidu Athleticekin
Hegaleko jokalariak hirugarren denboraldia du maila gorenean. Guztira 48 partidutan parte hartu du. Bere kanpainarik onena estreinakoa izan zen, 2020-21ekoa.Orduan 36 partidu jokatu zituen, horien artean Marcelinoren aginduetara lehoiek irabazi zuten Superkopan. Urte horretan bertan, Osasunari eta Valladolidi sartu zien gola. Joan zen denboraldian utzita jokatu zuren Valladoliden eta SmartBank Ligara igotzea lortu zuen.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!