Andres Espinosaren omenezko mendi ibilaldia egingo dute urriaren 2an Zornotzan

Ekaitz Herrera 2022ko ira. 21a, 09:45

Aurtengo edizioan derrigorrezkoa izango da irteeran izena ematea. Irailaren 29a baino lehen egin beharko da, Zelaieta zentroan.

Zornotzako Udalak Andres Espinosa mendizale zornotzarra gogora ekartzeko mendi ibilbidea antolatu du urriaren 2rako. Bi ibilbide antolatu ditu, ibilbide nagusia eta laburra. Ibilbide nagusia 22,6 kilometrokoa da eta 08:00etan irtengo da Jauregibarria parketik. Ibilbide laburra, berriz, 6 kilometrokoa da. Familia giroan eta etxeko txikiekin egiteko aproposa. 10:00etan irtengo da Jauregibarria parketik. Udalak azpimarratu duenez, aurten derrigorrezkoa izango da irteeran aurretiaz inskribatzea. Zelaieta zentroan eman behar da izena.

Andres Espinosa Zornotzan jaio zen 1903an. Bera izan zen Euskal Herritik kanpo ezaguna egin zen lehenengo mendizalea. Izan ere, bera izan zen Mont Blanc (4.807 metro) eta Kilimanjaro (5.895 metro) mendiak bakarrik igotzen lehena. 1929 eta 1930 urteetan igo zituen gailurrok, hurrenez hurren. Horrez gainera, Matterhorn mendia (4.478 metro) soka barik igo zuen lehenengo mendizalea ere izan zen. 1929an igo zuen.

Zornotzako Udalak urteak daramatza Espinosaren omenezko ibilaldiak antolatzen. Bere omenez egin ohi den ibilbideak PR BI-74 izena du. Homologatua dago eta hiru interpretazio mahai ditu bidean, Andres Espinosaren bizitza eta abenturak ezagutarazteko. Udalak herritar guztiak animatu ditu bakoitzaren gaitasunen araberako bi ibilbideetan parte hartzera.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!