Iban Ibarretxe da 'Su txikitan' ipuin kontaketaren hirugarren gonbidatua

Aritz Maldonado 2022ko ira. 21a, 09:00

Zornotzako pertsona ezagunek ipuin bat sortu eta jendaurrean kontatzea da Su Txikitan programaren helburua. Iban Ibarretxe izango da hirugarren saioko protagonista.

Bere ipuinaren ardatza txistua izango da eta instrumentu horren sorreran izango du abiapuntua. "Ipuina Izturitzeko koban dago girotuta eta maisuki dago gureganatuta. Musika hizkuntzatik harilkatuta dago, eta balioak eta pedagogia ditu ardatz", azaldu du Ibarretxek. Ohikoa den moduan, Unai Ormaetxeak gidatuko du solasaldia. Ipuinak 10 urtetik gorako gazteeei daude zuzenduta eta irakurketaren osteko solasaldiak kontalaria ezagutzeko aukera ematen die bertaratutakoei. 

Iban Ibarretxe 1973ko urriaren 26an jaio zen eta Zornotzako Udazken eta Bermeoko (Bizkaia) Kankinkabara txistu taldeetako zuzendaria da; Santurtziko (Bizkaia) Itsas Alde txistu taldean silbotea ere jotzen du. Zornotzarra Bilboko Juan Crisostomo Arriaga goi mailako kontserbatorioan lizentziatu zen txistu espezialitatean, eta egun irakaslea da Zornotzako Zubiaur musika eskolan eta Bermeoko Jose Antonio Egia musika eskolan. 

Hirugarren emanaldia
Irailaren 29koa Su txikitan saioaren hirugarren emanaldia izango da Zelaietako auditorioan. Aurretik, SD Amorebietako Mikel Zarrabeitia eta Pili Larruzea izan dira gonbidatuak; saio bi horiek Interneten daude ikusgai, Zornotzako Udalaren kanalean. Iban Ibarretxeren ipuina ere bertan egongo da ikusgai, urritik aurrera. Udalak 2021eko amaieran ipini zuen martxan egitasmoa. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!