Ekainetik irailera bitartean 25.000 Amorebono erabili dira Zornotzako komertzioetan

Anboto 2022ko ira. 12a, 09:16

Zirkulaziora ateratako bonuen %80 herriko dendetan trukatu dira honezkero. Udalak gogoratu du urriaren 16etik aurrera erosten diren Amorebonoak abenduaren 15era arte egongo direla erabilgarri.

Zornotzako Udala "oso pozik" dago 2022ko Amorebonoen kanpaina edukitzen dabilen harreragaz. Ekainean 32.000 Amorebono ipini zituzten zirkulazioan eta ordutik hona 25.000 trukatu dira herriko komertzioetan. Kaleratutako bonuen %80. Esti Martiartu Zornotzako Ekonomia Sustapen eta Enplegu zinegotziak adierazi duenez, "Amorebonoen erabilerak herritarrentzako aurrezpena dakar, eta era berean bultzada handia" Zornotzako merkataritza eta ostalaritza sektorearentzat. 

Udalak gogorarazi du Amorebonoek hilabete biko erabilera epea dutela, txartela erosten den unetik. Denbora tarte horretan trukatzen ez diren bonuek ostera ere zirkulaziora irteten dute. Urriaren 16tik aurrera eskuratzen diren bonuak, berriz, abenduaren 15era arte egongo dira erabilgarri, kanpainaren azken egunera arte. Zornotzako Udalak oraindik erabili barik dauden bonuak eskuratzera animatu ditu herritarrak. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!