Gesbisa enpresako beharginek, AP-8 autopistaren Bizkaiko tartea kudeatzeaz arduratzen diren enpresako langileek, mobilizazioei ekin diete berriro. Beharginek ohar batean adierazi dutenez, enpresako zuzendaritzari eskatu diote "inmobilismotik ateratzeko" eta "hitzarmenaren negoziazioa egungo beharrizan sozial eta laboraletara" mugatzeko. Gesbisa iaztik dabil Ermua eta Galdakao arteko autopista zatia Bizkaiko Foru Aldundiarentzat (Interbiak) kudeatzen. Kontsezio epea 2026an agortuko zaio. Hori dela eta, beharginek diote "ezin" dutela "kontsezioa amaitu arte" itxaron, "dibidenduak akziodunekin banatu ondoren" eskaintzen dizkieten "apurrak" batzeko. "Ez dugu ulertzen diru publikoa erabiltzea horrelako kudeaketak bultzatzeko", gaineratu dute.
Gesbisako beharginek mobilizazioa deitu dute irailaren 15erako. Zornotzako Zelaieta parkean batuko dira 18:30etatik 19:30etara. Aldarrikapenetan parte hartzera deitu dituzte beharginak. Maiatzean ere antzerako mobilizazioak egin zituzten Iurretan eta Boroan.