“Gaur egun, musikan, soinuari ematen zaio garrantzia, baina begiekin ere asko jasotzen da”

Anboto 2022ko ira. 10a, 10:00
Neomak taldeko kideak

Neomak taldeko kideek trikitixa eta pandero txapelketetan parte hartuta elkar ezagutu zuten. 'Kepa Junkera eta sorginak' proiektuan parte hartu eta gero, euren bideari ekitea erabaki dute; doinu tradizionalak gaur egungo ikutu bategaz jotzen dituzte. Alaitz Eskuderok, Amets Ormaetxeak, Eneritz Aulestiak, Leire Etxezarretak, Maria Lasak, Irati Gutierrezek eta Garazi Otaegik osatzen dute taldea; azken honegaz berba egin du ANBOTOk.

Irailean hainbat kontzertu egingo duzue diskoa aurkezteko. Aurretik, kontzertu dezente eman duzue udan. Zelan joan dira?
Kontzertuen formatu honegaz maiatzean hasi ginen, eta kontzertu dezente eman dugu. Nahiko talde berria gara eta harrera ona izan dugu, ezin gara kexatu. Ez dakit lotura egin daitekeen, baina trikitixaren munduko tradiziotik gatozenez jendeak zerbait konkretua espero dezake, eta hor sopresa emateko aukera dugu. Udako kontzertuetan, adibidez, gehien errepikatu diguten gauzetariko bat 'ez nuen horrelakorik espero' izan da. Zazpi emakume igotzen gara taulara, betidanik panderoari lotuta egon gara eta hortxe dator sorpresa; hain zuzen ere, horixe egin gura genuen. Trikitixaren mundua oso estereotipatuta dago, eta, egia esan, oso gustura gabiltza aldaketa hori aldarrikatzen. Kontzertu dezente emateko gai izan gara, eta taldekideok oso eskertuta gaude.

Trikitixa eta pandero txapelketetan elkar ezagutu zenuten, baina trikitixatik eta panderotik harago doa Neomak. Berritasun hori izan da erronkarik handiena zuentzak?
Bai, hori da. Guk ere nahita bilatu dugun zerbait da. Denok genuen gogoa hortik irten eta arriskatzeko, beti ikusi izan dugun horregaz apurtzeko gogoa. Zazpi kide gara eta ez dugu trikitixa bakarrik entzuten. Estilo desberdinak entzuten ditugu eta gu geu ere desberdinak gara, eta apurtzeko gogo horren aldeko apustua egin dugu elkarregaz. Gu pozik gaude egin dugunagaz eta egiten gabiltzanagaz, eta gogotsu gaude erantzuna zelakoa den ikusteko. Orain artekoa behintzat oso ona izan da.

Udaberrian diskoa grabatu zenuten.
Martxoan ibili ginen grabatzen, eta orain aurkeztuko dugu, irailean. Hainbeste denboran zain egon eta gero gogotsu gaude jendearen erantzuna jasotzeko. Aurrerapen kanta bi publikatu ditugu, eta esango nuke kanta bi horiekin zer egiten dugun sumatzeko arrastoa utzi dugula. Gogo handia dugu jendeak diskoa entzun dezan, eta, gero, diskoari buruz duten iritzia jaso gura dugu, iritzi ona zein txarra izan. Horrek errespetua ematen du, baina, aldi berean, hainbeste denbora eskaini diogun proiektu batek zelako erantzuna izango duen jakiteko gogotsu gaude.

Diskoko abestiak jotzen ibili zarete?
Azkenaldiko kontzertuetara etorri direnek abesti horiek entzuteko aukera izan dute. Asteburuko kontzertura datorrenak ere entzun ahal izango ditu diskoan egongo diren kanta horiek.

Irudiari ere garrantzi handia ematen diozue.
Gure leloa tradizioa eta garaikidea da, eta estetikagaz ere berdin egiten dugu. Urte askoan trikitilari edo panderojoleen irudi konkretu bat zabaldu izan da; salbuespenak salbuespen, beti lotu izan da estetika konkretu bategaz, eta emakumea ere rol batean enkajatu da. Ados gauden gauza tradizionalak mantendu, eta besteekin zelanbaiteko iraultza estetiko bat planteatu gura izan dugu. Ez dugu esan gura lehenengoak izan garenik hau egiten. Adibidez, kontzertuetan, baserri giroko mahoizko prakak jantzi izan dira betidanik; guk urrezko harribitxiak eta orrazkera bitxia daramatzagu. Gaur egun, musikan, soinuari ematen zaio garrantzia, baina begiekin ere asko jasotzen da. Entzutera ez ezik, kontzertua ikustera ere bazoaz, eta guk ere horrela egiten dugu. Estetikoki, argiak, egiturak, formek, mugimenduak, kontzertuetako horrek guzti horrek du indarra, eta musikalki indarra duena estetikoki ere indartuz gero, oso gauza polita egiten da, eta atentzioa emateko aukera eskaintzen du. Horrexegaitik ematen diogu garrantzia irudiari ere. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!