Xabi Etxeitak Amorebietagaz jokatuko du denboraldi honetan

Anboto 2022ko ira. 8a, 11:52

Futbol jokalari zornotzarra etxeko taldera itzuli da 16 urteren ostean.

Xabi Etxeitak (Zornotza, 1987) Amorebieta taldeagaz jokatu du aurten. Horrelaxe iragarri du klubak bere sare sozialetan. Horrela, 2006an Athletic-eko bigarren taldean jokatzeko Urritxetik irten zen zornotzarra etxera itzuli da. Joan zen denboraldian SD Eibarren aritu zen eta 21 neurketa ofizialetan parte hartu zuen.

Etxeita Amorebietako harrobian hezi zen. Bertan eman zituen bere kirol ibilbideko lehenengo urratsak. Hasiera hartan erasoko postuetan jokatzen zuen. Bilbao Athleticen hasi zen atzelari jokatzen.

Athleticen lehenengo taldearekin 2008ko azaroaren 12an debutatu zuen, Errege Kopako partida batean eta Recreativo de Huelvaren zelaian. Liga txapelketan lau egun geroago debutatu zuen, Osasunaren aurka eta San Mamesen. Zurigorrien lehen taldean zazpi denboraldi eman zituen bi etapa desberdinetan; guztira 140 neurketa jokatu zituen, 8 gol sartuz.

Bere ibilbidean Lehenengo eta Bigarren Mailako hainbat taldetan aritu da Etxeita. Athletic, Cartagena, Elx, Huesca, Getafe eta Eibarren koloreak defendatu ditu 300 partidu baino gehiagotan.

Superkopako irabazle 2016an

Bere palmaresean Superkopa bat dauka, Athleticegaz 2015-16 denboraldian lortutakoa Barcelonaren kontra. Zornotzarra oso garrantzitsua izan zen lorpen horretan, bi partiduetan titular jokatu zuelako. Champions League eta Europa League-eko neurketak ere jokatu ditu eta Bigarren Mailako txapeldun izan zen 2012-13an, Elx-en zegoenean. Gainera, internazionala da Espainiako selekzioarekin. 2015ko urrian egin zuen debuta Ukraniaren aurka, Kieven, 2016ko Eurokopara sailkatzeko balio zuen norgehiagoka baten.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!