Eduardo Martinez argazkilari bilbotarraren bakarkako lehenengo erakusketa da Solo personal autorizado. "Gizakiaren une konplexuenetara hurbiltzeko modu bat bilatzen dut, nolabait sahiestezinak direnak, geratzen zaigun denborari buruzko zalantza azaleratuz", azaldu du Martinezek. Hain zuzen ere, Solo personal autorizado erakusketan oroitzapenez, familiaz, lagunez eta "aldi baterako sentsazioez" hausnarketa egitera gonbidatu gura du egile bilbotarrak. "Egile gisa dudan begirada, emozio eta sentimendu komunen eleberri bat osatzen saiatzen da argazkigintzaren bidez. Oroitzapena, beldurra eta ziurgabetasuna lantzen ditut, irudiak behatzen irudiekin etengabeko elkarrizketan, irudiak ikustean galderak sortuz, ikusleak berak bilatu ditzan erantzunak", azaldu du.
Orain artean erakusketa kolektiboetan parte hartu du Martinezek, besteak beste, Sestaon Sobre alguien, sobre algo, sobre algun lugar erakusketagaz.