Derandein Fundazioak, Zornotzako Udalagaz lankidetzan, Derandein mendi martxaren IV. edizioa antolatu du. Ibilaldia domekan izango da, Zornotzako lurretan barrena. Parte hartzaileek 10:00etan irtengo dute Jauregibarriako parketik. Egingo duten ibilbidea honako hau da: Zubipunte, Derandein, Urumin, Arrinda, Etxano, Epaltzako bidea, Urritxe, Jauregibarria. 7 kilometroko ibilbidea izango da guztira. Martxa amaitutakoan 13:00etan pintxo-potea eta trikitixa izango dituzte zain. Bertan parte hartzeko mezu bat bidali beharko da derandein@derandein.org helbidera. Bestela, egunean bertan, ibilbidearen irteera puntuan, 9:30etan, ere eman ahalko da izena.
Erakusketa ere bai
Ibilidean zehar Afrika, emakume izenarekin erakusketa ere egongo da ikusgai. Parte hartzaileek Afrikako emakumeen egoerari buruzko informazioa eskuratu ahal izango dute ibilbidean zehar; hainbat eremu landuko ditu erakusketak, hala nola hezkuntza, osasuna eta ekonomia. Zornotzako Udalak, Trabajando por el Corazón de África (TRACAF) erakundeak, Derandein Fundazioarekin elkarlanean gauzatzen duen garapenerako lankidetza proiektu bat finantzatzen du, Kinshasan, Kongoko Errepublika Demokratikoan. Proiektu horri esker, baliabide gutxiko 536 haurrek kalitatezko hezkuntza jaso ahal izan dute 2021-2022 ikasturtean.