Zornotzan urritik urtarrilera eskainiko diren jarduera guztiak aurkeztu dituzte

Ekaitz Herrera 2022ko abu. 29a, 11:53

Kultura, kirola, Gizarte Ekintza, feminismoa, euskara,... Zornotzako Udalak liburuxka bakar batean jaso du arlo bakoitzari dagokion eskaintza.

Zornotzako Udalak argitalpen bakar batean jaso du datozen hilabeteei begira antolatuko duen kirol, gizarte, kultur eta prestakuntza eskaintza. Argitalpen berria gaur hasi dira etxez etxe banatzen. Eta liburuxka ez botatzeko; urrira arte etxean edukitzeko eskatu die herritarrei.

Berdintasuna, euskara, Gizarte Ekintza, Kirola, Liburutegia, Zubiaur Musika Eskola, Zelaieta Zentroa, Zornotza Aretoa. Udalaren eskumeneko arlo guztiak batu dituzte bertan. Batetik, sinergiak lortzeko. Bestetik, arlo bakoitzak kaleratu izan ohi duen diptikoa erretiratzeko eta kostu ekonomikoak aurrezteko. Andoni Agirrebeitia alkateak adierazi duenez, ekintza guztiak argitalpen bakarrean jasotzeak "hilero-hilero Zornotzan zenbat ekintza antolatzen den erakutsi, eta guztiaren ikuspegi orokorra" eskainiko du. Ainhoa Salterain Gizarte Ekintza zinegotziak esan du herritar bakoitzak bere neurriko zerbait topatuko duela programazioan. 

Urtarrilean, programatutakoa agortzerakoan, beste argitalpen bat kaleratuko duela aurreratu du udalak. Etxez etxe banatuko den liburuxka online kontsultatu ahalko da, Zornotzako Udalaren web orrian. 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!