Amorebietak etorriko diren jokalariei atea zabalik hasi du denboraldiaurrea

Joseba Derteano 2022ko uzt. 20a, 13:47

Amorebieta futbol klubak astelehenean ekin zion denboraldiaurreari, eta gura baino kamiseta urdin gutxiago irten zen lehenengo entrenamenduko argazkian: 14 jokalari, guztira. Bigarren Mailatik Lehenengo RFEF-erako itzulerak baditu bere zailtasunak jokalariak mantendu edo berriak ekartzerako orduan, eta klubeko kirol arloko arduradunei egoera hori kudeatzea egokituko zaie denboraldiaurrea aurrera doan neurrian.

Jokalari kopuru aldetik "justuan" daudela onartu du Asier Goiria kirol zuzendariak, eta fitxaketak "apurka-apurka" heltzen joango direla. Taldean mantendu gura dituztenengaitik ere beste hainbeste esan daiteke. "Badira proiektu berrirako mantendu gura ditugun bi-hiru jokalari, baina bere zailtasunak ditu. Kontuan hartu behar da Bigarren Mailan aritutako jokalariak direla eta euren aukerak agortu gura dituzte", adierazi du.

Mikel Goiria, Beñat Garro, Beñat Leiza eta Unai Uberuaga Amorebietara bueltatu dira, iaz Uritarra, Arenas, Sestao River eta Getxo taldeetan utzita jokatu ostean, hurrenez hurren. Aitor Intxausti filialetik, eta Youssef Issakhi eta Xabier Ayarza gazteen taldetik datoz. Gainerako aurpegi berriak honako hauek dira: 2018-19an Amorebietan aritu zen Jon Mikel Magunagoitia atezaina Zamoratik dator; Javier Murua eta Xiker Ozerinjauregi  defentsak Salamancatik eta Logroñesetik, hurrenez hurren; Unai Bujan erdilaria Sestaotik, eta Urko Izeta eta Mikel Pradera aurrelariak Eibarretik eta Real Unionetik, hurrenez hurren. 

Denboraldiaurreko partiduak
Denboraldiaurreko lehenengo partidua uztailaren 29an jokatuko dute, Eibar taldearen aurka, Arrasateko Atxabalpe zelaian. Urritxen abuztuaren 6an estreinatuko dira, Osasuna Promesas taldearen kontra. Hurrengo hiru partiduak Numantzia, Bilbao Athletic eta Gernika taldeen kontrakoak dira, abuztuaren 10ean, 13an eta 18an, hurrenez hurren.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!