Zornotzan 1.449 etxebizitza gehiago eraikitzea aurreikusi dute datozen urteetan

Ekaitz Herrera 2022ko uzt. 18a, 10:15

Gobernu taldeak biztanleria "gehiegi ez hazteko" eta "herriko identitatea mantentzeko" neurriak azpimarratu ditu Plan Orokor berrian. EH Bilduk dio Zornotzak "23.000 biztanleko langa" igaro dezakeela datorren urteetan. "Horren ondorioen inguruko hausnarketarik ez da egin", diote.

Biztanleriaren hazkundeari buruzko eztabaidak mahai gainera irten du Zornotzan. Zinegotziek Hiri Antolamendurako Plan Orokor berriaren (HAPO) hasierako onarpena aktibatu dute aho batez. Datozen urteetan udalerriko lurrak zelan banatu eta zein erabilera eman aurreikusi dute planifikazio berrian. Nobedadeetako bat honako hau da: dokumentu berriak Zornotzan 1.449 etxebizitza gehiago eraikitzea aurreikusten du. Euretako 877 libreak izango dira eta Babes Ofizialekoak beste 572. Gobernu taldeak azpimarratu du HAPOak "kirurgia" bat jasotzen duela herriko biztanleria "gehiegi ez hazteko", eta aldi berean "herriko identitatea mantentzeko". Anartz Gandiaga hirigintza zinegotziak azpimarratu du dokumentuan "bizitzeko eta lan egiteko herri onena izateko oinarriak" ezartzen direla. "Gure gazteek etxebizitza eskuragarriak izatea gura ditugu, gure enpresekiko, merkataritzarekiko eta ostalaritzarekiko aktiboa den herria gura dugu", azaldu du Gandiagak.

Oposizioko alderdi nagusiak, EH Bilduk, HAPOaren hasierako onarpena babestu du, baina ez du bere kezka ezkutatu. Ander Uriarte bozeramaileak dio udalerriak "23.000 biztanleko langa" igaro dezakeela datozen urteetan. "Hau da gura duguna?", galdetu du. "Ez dugu hazkundea begi onez ikusten. Horren ondorioen inguruko hausnarketarik ez da egin", kritikatu du. "Kirol azpiegiturak eta arlo horretako aurreikuspenak ez datoz bat biztanleria igoerarekin, ez dugu jarduera ekonomikoetarako lurzorurik ikusten eta etxebizitzak ezin ditugu merkatuen esku utzi", adierazi du Uriartek.

Jarduera ekonomikoa

Etxebizitzez gainera, HAPOak lur industrialak eta jarduera mistoak bultzatuko dituela adierazi du udalak. "Udalerri erakargarria izaten jarraitu behar dugu industriarentzat, hau da, estrategikoa; horregatik da garrantzitsua lurzoru industriala eta gainerako jarduera ekonomikoetarako lurzorua izatea, lehen sektorearen bultzadari ere keinu eginez. Garapen ekonomikoa eta garapen soziala behar ditugu", azaldu du Gandiagak.

Jendaurrean ikusgai

Hiri Antolamendurako Plan Orokorra jendaurrean egongo da ikusgai urriaren 31ra arte. Udaletxeko Bulego Teknikoaren beheko solairuan eta Zelaieta Zentroaren sarrera nagusian egongo da. Bestalde, aurkezpen publiko bat ere egingo dute irailaren 15ean. Zelaietan zentroan izango da 18:30etan. Herritarrek triptiko bat ere jasoko dute etxean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!