Zornotzako jaiak

“Kartelerako, 'Patata' eta buruhandiak ikusi nituen, eta horiei heldu nien”

Igor Galarza 2022ko uzt. 12a, 09:11

Zornotzako Karmen eta Santanatxu jaietako kartela Cristobal Aguilo murtziarrarena da eta ANBOTOk telefonoz egin dio elkarrizketa. Zornotzako jaietako kartel irabazlearen egileak jakin-mina izan du herriko eskulturen eta ezaugarrien jatorriak ezagutzeko.

Zelan izan zenuen Zornotzako kartel lehiaketaren berri?
Kartelgintzan lanean nabil azken 12 urteetan. Asko egindakoa naiz. Jaietako kartelgintzan aditua den baten orrialde batean sartzen naiz. Bertan, nongo jaiak diren eta informazio guztia dago eskuragarri.

Zerbaitetan oinarritu zara kartela egiteko?
Asko informatzen naiz. Jaietako kartel bat egiterakoan, zentzua duten ezaugarriak ateratzeko modu bakarra da. Lehen, gatxagoa zen dena, Internetik barik geunden eta gora eta behera ibiltzen ginen informazio bila. Orain, ordenagailuan eskura dago dena. Bilatzailean ‘Zornotza’ idatzi, eta hor jaietan zer egiten den eta abar agertzen zaizkizu.

Zelan aurkitu zenuen kartel lehiaketaren iragarkia?
Ez dut ondo gogoratzen noiz ikusi nuen iragarkia, ezta noiz erabaki nuen ere parte hartu gura nuela. Jesarri eta kartela egin gura nuen, baina beste gauza batzuetan joan zitzaidan denbora. Beti nabil proiektu askotan sartuta. Lehiaketaren azken astean hasi nintzen kartelagaz buru-belarri. Egun eta erdian ideia bururatu, eta forma eman nion. Batzuetan gertatzen da lehiaketan parte hartzea erabakitzea, baina ideia finkorik ez izatea eta galduta sentitzea.

Zenbat ordu eskaintzen dizkiezu zure lanei?
Jada ez dakit zer den ordutegi finkoa (barrez), autonomoa naiz eta. Nire kartel mota honek denbora eskatzen du. Azken batean, denbora asko behar izaten da informazioa bilatzeko eta informazio horri zukua ateratzeko. 

Nondik ekin zenion karteleko ideiari?
Lekuko ezaugarriren bat ipini behar da beti, bestela ez luke zentzurik izango. Kartelerako, 'Patata' eta buruhandiak ikusi nituen, eta horiei heldu nien. Uste nuen baliagarriak zirela konposizio zentral bat eta istorio bat osatzeko. Ez naiz kartel politen bila joaten diren horietarikoa. Istorioak kontatuz kartelak osatzen duenetarikoa naiz. Nire lanetan momentuak kontatzen ditut, kontzeptuak, bitxikeriak, zerbait. Gehiago kostatzen zait zerbait polita egitea hori bilatu guran banabil, gustuko dudan ideia batetik ekinda baino.

Kolore bat nabarmentzekotan, urdina da nagusi.
Jaietan, puxikak urdinak dira, zapiak ere urdinak… eta kartela jaiagaz lotu gura nuen. Keinu txiki bat da. Ideia ateratzea eta eraikitzea da gehien kostatzen dena, baina, gainerakoan, Zornotzako jaietako kartela erraz atera zait.

Zergaitik plastilina?
Orain urte asko hasi nintzen plastilinagaz. Lehen, publizista lana egiten nuen eta plastilina erabiltzen nuen produktu batzuen iragarkiak egiteko. 2010ean kartelgintzagaz hasi nintzenean, bigarren kartela egiterakoan plastilina hartu nuen oinarri, eta haregaz lehiaketa bat irabazi nuen. Hurrengoa ere berdin egin nuen, eta berriro ere irabazi. Harrezkero, plastilinagaz egiten ditut. Oso ondo pasatzen nuen, eta oraindino ere oso ondo pasatzen dut horrela lan egiten. Beste batentzat teknika gatxa izan daiteke, baina nik denbora asko daramat teknika horregaz eta erraza egiten zait. 

Egunen batean Zornotzara etorri beharko duzu.
Gustura joango nintzateke. Gainera, Euskal Herria oso polita iruditzen zait. Baina irabazten ditudan kartel lehiaketetako jai guztietara joan beharko banu, urte osoa mozkortuta pasatuko nuke (barrez).  Lana dut, familia bat... oso gatxa da denera ailegatzea.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!