Zornotzako jaiak

Jaia erdigunera ekarrita, txosnak Zubiondo plazan eta Zelaieta parkean egongo dira aurten

Anboto 2022ko uzt. 11a, 10:15

Karmen eta Santanatxu jaiak bereziak izango dira aurten zornotzarrentzat. Pandemia baten ostekoak direlako eta herriko erdiguneak indar berezia hartuko duelako. Zornotzako jaietan hainbat gune sortzen da kultura aniztasunari eta adin guztietako herritarrei bidea emateko asmoz.

Azken urteetan, txosnagunea Landatxu kalean egon da karmenetan, baina aurten lekuz aldatuko dute eta Zubiondo plazan ipiniko dute, Ibaizabal errekaren alboan. Jon Ormaetxeak, Zornotzako gazteen txosnaguneko kideak, "onuragarria" dela adierazi du, hainbat urteren ondoren eskaturiko leku aldaketa begi onez ikusita: "Orain arte jaia periferian egoten zen, edo erdigunetik urrun behintzat. Aldaketak erdira ekarriko du gure jarduera".

Landatxu kaletik Zubiondo plazara ekartzeko bidea batera egin dutela adierazi dute bai Ormaetxeak bai Andoni Agirrebeitia alkateak ere. Agirrebeitiak martitzenean Karmen eta Santanatxu jaien aurkezpen prentsaurrekoan adierazi zuenez, beste gune bat ere egongo da txosnekin. Zelaieta parkea, hain zuzen ere. Gazte txosnagunearen asmoa "txosna guztiak Zubiondon lekua izatea" zela esan du Ormaetxeak, "baina ez zegoen lekurik txosna guztientzat". Txosnak erdigunean kokatzea "aldarrikapenei begira oso garrantzitsua" dela nabarmendu du txosnaguneko kideak.

Urtarril-otsail inguruan hasi ziren batzen txosnagunea osatzen duten eragileak, eta euren egitaraua "laster" iragarriko dutela adierazi du Ormaetxeak. Udalak dagoeneko kaleratu du egitaraua, eta Zubiondoko eta Zelaietako kontzertuen berri ere eman dute. Talde hauek arituko dira Zubiondon: Doctor Deseo, Rat-Zinger, Erruki erromeria, Sorotan Bele gogoan, Zornotzako Musika Banda, Supercremalleras, Tremenda Jauria, Gozategi, Romea, Merina Gris, DJ Romea, La Topadora, Kilimak, Xabi Aburruzaga, Julen Alonso eta Oinkari Dantza Taldea eta Camela.

Bestalde, Zelaietan Zirkinik Bez, En Esenzia, Txistularien kontzertua, Jamaica Show Orkestra, DJ Txurru, Mariachi Mexico lindo ¡Si señor! eta Egan izango dira. Ormaetxeak gaineratu du aste bitarteetan ere ekintza ugari egongo dela Zubiondon, eta "lan gehiago egin behar izan arren ere, lanera gustura" joango direla. "Pauso garrantzitsutzat" jo du Ormaetxeak, eta  jaiei "gogoz" ekingo diela esan du.

Erasoen aurreko protokoloa
Prentsaurrekoan, Ainhoa Salterain Zornotzako Udaleko Berdintasun zinegotziak adierazi zuen protokolo bat prestatu dutela gertatu litezkeen erasoen aurrean. Udalak eta txosnetakoek horrela adostuta, txonagune bietan gertatu litezkeen erasoen aurrean zelan erantzungo den gogoratu du. Beldur Barik guneak ere zabalduko dituzte, informazio edo salaketa puntu legez. Horiez gainera, 722 232 869 telefono zenbakia ere martxan egongo da, laguntza profesionalizatua eskaintzeko prest.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!