“Poesiak jolaserako aukera gehiago ematen du eta erosoago nago bertan”

Aritz Maldonado 2022ko uzt. 10a, 10:30

Jon Ander Urkiaga zornotzarrak institutu bateko giroa islatu du bere lehenengo eleberrian. Atea itxi aurretik (2017) eta Bizia min (2021) poesia liburuak kaleratu eta gero, narratiba jorratu du bere azken lanean. Mendekua ordainetan gazteentzako nobela kaleratu du, Alai argitaletxeagaz. Itxialdi garaian hasi zen idazten, “entrenamendu” lez. Gazteen arteko hartu-emanak lantzen ditu bertan, besteak beste.

Lehenengo eleberria duzu. Zergaitik aldaketa?
Hezurmuina pandemiak eragindako itxialditik dator. Orain artean, olerkiak idazten ibili izan naiz batez ere. Etxean igarotzeko hainbeste ordu edukita, proba modura hasi nintzen, bestelako asmorik barik, entrenamendu lez. Handik denbora batera, iaz edo, argitaletxekoengana jo nuen eta aldaketatxo batzuk egin eta gero, proiektuak aurrera egin zuen.

Asko kostatu zaizu erregistroa aldatzea?
Egia esateko, askoz ere gusturago nabil poemekin. Gustura aritu naiz, baina narratibagaz hariari jarraitu behar diozu denbora guztian, eta horri bueltak ematen joan behar duzu; poesiak jolaserako askoz ere aukera gehiago ematen du. Narratiban hari bati jarraitu behar zaio, koherentzia bat mantendu behar da, eta dena lotu. Oraingoz behintzat, askoz ere erosoago sentitzen naiz poesiagaz.

Irakaslea zara. Horrek izan du eraginik?
Ez dakit. Argi nuen gazteentzat zeozer egin gura nuela. Beharbada, beste era bateko zeozer egin gura nuelako, eta errazagoa edo egingarriagoa izango zelakoan, baina beharbada nire alorra ere badelako. Modu naturalean joan da hori irteten.

Zelan dago egituratuta liburua?
Liburua hiru bloketan banatuta dago. Atal laburtxoak ditu; horrela, irakurketa errazagoa eta erosoagoa izango zela uste nuen.

Liburuak badu ezer autobiografikotik?
Ez, ez dago horrelako ezer. Narrazio bat idazteko gogoa nuen, eta hasieratik nuen ideia hori, baina ez dago leziorik emateko gogorik edo bizipenik.

Gazteentzako liburua da. Gazteek badute zaletasuna irakurtzeko?
Oso galdera gatxa iruditzen zait hori, eta ez dakit zilegitasunik ere badudan erantzuteko. Gazteak literaturatik urrun daudela esan ohi da; agian bai, baina, eta helduak? Gertu gaude? Galdera berdinak egin daitezke guztientzat. Gaur egungo gizartea prest dago ahalegin bat eskatzen duen jardun bat garatzeko? Liburu bat irakurtzea ala pantaila bati begiratzea, zer da errazagoa? Gazte batzuk oso irakurzaleak dira, eta beste asko ez. Eta hizkuntzaren aldagaia ere kontuan hartu behar da, ze, irakurtzen dutenen artean, zenbatek irakurtzen dute euskaraz? Eta non? Ez delako berdina Markinan, Sestaon edo Lizarran bizi izatea. Aurrekoan ere galdera bera egin zidaten, eta erantzuna edukiko banu, gazteak literaturara zelan hurbildu jakingo banu, aberastu ez dakit, baina hobeto biziko nintzen (barrez). Ni liburu fresko eta arin bat egiten ahalegindu naiz, ez besterik.

Zelako harrera izan du liburuak?
Ekainaren hasiera aldera aurkeztu genuen liburua eta ez da sasoirik onena ikasleei liburua aurkezteko. Zabaltzekotan, datorren urteari begira izango litzateke. Dena dela, udarako liburu aproposa izan daitekeela iruditzen zait. Laburtxoa da, eta bizia.

Baduzu asmorik aurkezpenik egiteko?
Ez dut asmorik, egia esateko. Aurreko liburuak aukera gehiago ematen zuen horretarako, baina honek ez. Ea datorren ikasturtean zabaltzeko aukerarik badagoen. Egia esateko, literaturan eskaintza piloa dago gaur egun, eta ez da erraza nabarmentzea. Askotan, irakasleok ere horren arduradun gara, izan ere, orain hamar edo hogei urte funtzionatu zuten liburuekin lan egiten dugu. Liburu onak dira, jakina, baina behin eta berriro erabiltzen dira, eta liburu berriek ez dute aukerarik lekua egiteko.

Baduzu beste proiekturik esku artean?
Momentu honetan, ia irakurtzeko ere ez daukat astirik. Zer esanik ez idazteko! (barrez).  Badut ipuintxo bat hortik idatzita, baina ez daukat ezer seriorik esku artean. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!